Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

A3S^

Sarri jartzen naiz begira
nola nintzen etorri bizitzara.
Bada aldi bat bizitzaren aurrekoan,
bizi ez nintzanekoa.
Eta ez nintzelarik bizi
bizitzen nintzen hasi
halako une batean,
oinaztu batek gauean
sua piztu ohi duen antzean,
dena bat batean,
arik eta erregaiak
pizturik iraun dezakeen artean,
bizitza deritzon su apaletan
dihardudalarik.
Inork ez ninduen ezagun,
ez bait nintzen.
Inork ez ninduen deitu
"Bitoriano, erdu bizitzara".
Pospoluaren eta karraskagailuaren
elkarrekiko ongi etortzearen
txiripak piztu zuen
nire niaren kandelatxoa,
ez dakidan arte pizturik iraungo duena,
eta orduan deitu ninduten
Bitoriano izenarekin,
eta orduan maitatzen hasi zitzaizkidan,
orduan maitatu ninduten.

Orduz gero hemen nabil
lurra deritzogun munduan,
txiripatik txiripara edo
nire ni hau naizen modutara
eratu duen edo egin dagian kasualitateak
modutua, naizen bezalakotua edo
naizen halakotua.

Orbelaunen jaiotzea ere bada zerbait,
baina basabehi zoro baten adar artetik
bizirik eta nahiko osorik irtetzea ere
txiripa dexentetzat daukat. Lau-bost
bat urtekoa nintzen orduan.
Arantzazuko seminarioan sartzea ere
beremoduko txiripatzat daukat: ia eskola
batere gabea bait nintzen eta kurtsoa, hilabete behintzat
hasia bait zegoen Arantzazun.
Nire aurrerapen eskasen ondoren
Arantzazutik botea ez izatea ere
txiripa hazi xamarra dela deritzot.
Oliten baratza ureztatzeko depositu hutsera,
bainu hartzeko ustetan, buruz behera saltatu nuen
gauean aberia edo matxura handiagorik gabe
geratzea ere txiripa ontzat daukat.
Atxuriko geltokian bi pisuko autobus gaine-
tik behera, atzeranzka ekilibrioa galdu ostean, nola
geratu nintzen jausi gabe sekula ezin izan dut argitu
ez eta Maltzagako tren-geltokitik Soraluzerantz
zegoen ermita edo horrelako baten ondoan zegoen erreten
hartara nola ez nintzen jausi han ere atzeraka pausoa hutsean erdi eman nuen hartan.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Bizitza: Heriotza
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa