Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ABG-1^

I

Orain hau, orain bestea.
Euskara gero;
azken, postrea.

Baina euskara
gero ere ezingo da
orain ezin bada.

—Orduan?
—Hara:
Euskara gerorako
uzterik ez dago
badaezpada.

II

"Jende profesional
ona lehenengo",
euskara gero.

Baina ta bitartean
euskara galtzen bada,
ordu txarrean frogatuko da
profesional beharrik
ez zegoela.

(Kaltetan zela
no sé euskara-
profesional onen
gaurko bolada).

III

Eupada bat eta eupada bi:
berbetan euskara erabili.(1)

Orain hau, euskara;
gero bestea:
profesionalen talde trebea
euskaraz, noski.

Oi, ene andre
edo jaun maite ahal duzun hori:
Errazkeriaz eta lotsarik gabe
inperioko hizkuntzan dale
ari zaizkigun mintzalariez
aspertu gara;
erdara badakigu,
ea euskara.

IV

Erabiltzen ez bada
hil egiten da euskara.
Ez da ezergatik, baina
aipatu egiten dizut [dut],
badaezpada.

Erabiltzen ez den Euskara
hil egiten da
mugitzen ez den bihotza
hil egiten den bezala.

Euskara ez da
asko ta asko galdu
asko eta asko erabili delako.
Askotan eta asko
erabili ez delako
galdu da euskara
askoan asko.

Ez da ezergatik, baina
galdu den euskara,(2)
pitin bat bada ere,
eskuratuko bada
askotarako eta beharrez [halabeharrez] askoka
erabili beharko da.

Ez da ezergatik, baina
euskara hil egiten da
berriketetan euskaraz
hitz egiten ez bada.

Ez da ezergatik, baina
isiltzen duzun euskara
hiltzen duzun euskara da.

Gaia 1: Euskara
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa