Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Nahiz eta esparru berean,
ardi bakoitzak bere
bidea darabil.
Besteen atzean, besteen aurrean,
besteen artean,
besteak beste ditu
eta, bere burua du,
bere helburua,
eta, bere aukera
hautatu daroa
ahal duen neurrian.
Bakoitzaren hanka-arrastoa
besteen hanka-arrastoz gurutza daiteke,
nahastu ere bai sarri,
baina beti da
besteenengandik diferentea,
besteena ez halakoa da
markatu eta dibujatu duen
lorratz-lerroa.

Nahi eta ez, gara geu.
Nahi eta ez betetzen dugu bakoitzak nork bere lekua.
Nahi eta ez —nahiz eta bakoitzak ahal duen era eta neurrian—
egin ohi ditugu geure hautapenak, bilatu ohi dugu geuri
gehien dagokiguna, egin ohi dugu geure aukera.
Aukera latza sarritan,
besterik ezinean egindako aukera sarritan,
baina azken batean guk geuk dagigu
besterik ezinean dagigun aukera bera ere.
Gehienean besterik ezinak garamatza
geure aukera geurea egitera.
Hala edo hola, honegatik edo horregatik egin dugun aukera,
bizi duguna,
dotoreago, airosoago edo narrasago bizi genezake,
konformeago ala gogoz kontraago.
Ez naiz moralista, ez eta fatalista ere
eta ez nuke nahi eraman inor
ez konformismo ergel batera,
ez fatalismo ilun batera.
Bere buruaren nortasuna ez galtzera bai deituko nuke
bakoitza
eta gogozkontrako bere egoera onartzera inor inoiz
deituko ez badut,
ahal duen
patxadaz eta begi narez
lorkizunari begiratzera eta erasotzera ere
deituko nuke bakoitza.
Ez da gauza erraza
gizakiok opa dugun geure bizitzoi buruzko oreka,
bizitzari berari buruzkoa,
geure inguruari buruzkoa.
Jarleku jendez beteegian
zirritu bat eskatu zuen norbaitek
eta ipurdiari eragin eragin eginda
bere lekua aurkitu zuen, eserita geundenok
geunden baino
askoz gehiago estutu gabe.
Jende-talde handia dut begi aurrean,
askotariko jende-talde handia dut begi aurrean
eta hau ez da paradisua, ez dirudi behintzat paradisurik (1).
Ezberdintasun handiak nabari ditut:
luxua eta pobreza, atsegina eta nahigabea,
nagusikeria eta morrontza. Nik aurrean dudana ikusten dut, baina atzean eta aldamenetan ere aurrean halako jende-talde handi eta askotariko eta ezberdintasun beretsukoak ditudana, eta hemen nago eta hemen ari naiz eta hemen ari gara denok, hobeto guraren legeak garabiltza, denok hobeto guraren legeak.
Buruak galtzeko arriskua ere badugu, zorabioaren menpean jausteko arriskua ere bai. Norabide jakinik ez ote dugun ere ematen du. Sekula baretuko ez den itsaso asaldatua ere badirudi, eta txarrena sekula baretu ezin halako itsaso zoroa dirudiela (2) . Nor bakoitzari begiratu nahi diot orain, uhin bakoitza osatzen duen nor bakoitzari. Nor bakoitz horren hanka-arrastoa ikusi nahi dut, nor bakoitzaren aukera, helburua eta jokabidea.
Nor bakoitzari zuzendu nahi natzaio eta bere ibilbideaz ohar dadila eskatu, ametsetan ez, baina eskuan duenaz konturatzen ote den galdetu. Ametsak aurretik, burua ondoren, baina oinak non ditugun ere ez da ahaztekoa. Eta norberaren neurria. Fatalismoa dugula aurreko? Errealismoa fatala izan ala ez, errealismoa badugu behintzat aurrean (2). Baina errealismoa geuk dagigun zerbait da eta geuk dagikegun zerbait eta, fatalismoak ez bezala, irtenbiderik bademaiguke etorkizunari buruz. Nik pozik ikusten dut jendearen giza helburuarekiko kontzientziapena. Jendeki bakoitzaren bere buruarekiko estimazioa eta etorkizunari buruzko jarrera egile, eragile eta lortzailea. Ez dugu ahaztu behar bidari garena ere (3), helburua ibiliz lortzen denik ere, ez eta helburua jadanik ikusi egiten dugunez, ez dela eskura ezin genezakeen zerbait, jadanik eskuratuz goazen zerbait baino. Bitartean ez da gutxi harmaila edo katemaila garela jakitea, gizakiak opa duen hartara bidean lagungarri gaituela jakitea edo eriztea. Honek gaitu betetzen dugun lekuaren jabe egiten, geure hautapenaren hartzaile geure eskuko egiten, geuri gehien dagokigunera eramaten eta geure aukeraz baliatzearekin pozten (4); geure pauso geurearen lorratz geurez eta beste inorena ez halakoz.

Gaia 1: Jendea
Gaia 2: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia orok.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa