Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ELRL^

Berba-loratan artu gura dot
maitasun-izen santua.
Maitasuna da gure Jainkoa
ta bere pentsamentua.
Biotz gazte bik alkartu dabe
betiko euren kantua,
maitasun ona dabe soiñu ta
ezkontza bertso altua.

— Zeruan zenbat aingeru dira?
— Kontau ezin bat aingeru;
izar guztik baiño geiago,
izarrak zeiñek kontatu?
Izar-azi bat eregin eban
Jainkoak iñoiz maitetsu.
Izarrak andik erne direa
argikor eta gozatsu.

Izartegia ederra ba-da
aren ganetik zerua,
izar goikaldez dauko Jainkoak
argizko jezar-lekua.
Seda-soiñezko aingeruz dago
zeruetako ortua,
baiña Jainkoak lagun geiagoz
gura dau Paradixua.

Gizona egin eban Jainkoak
aingeru-ontzi sakona.
Bere eskuetan ipiñi eban
zeruen edertasuna.
Ugaritzeko agindu eutsun (1)
zorioneko gizona,
Jainkoa dozu ezkondutean
bedeinkatuten zaituna.

Garia dator soloan eta
larrosa batzuk ortuan,
gure bizitza zein dan ederra
Egillearen goguan!
Gure zoruna billatu eban
asmau ginduzan orduan.
Zerua santuz bete egikegun
jarri ginduzan munduan.

Iturritxu bik errekatxu bat,
zeru ederra uretan.
Aita Jainkoa amesti dago
izar geiago asmetan.
Udabarrian sortuten dira
loreak bedar-landetan
eta izartxuak, izar barriak
maitasunezko gabetan.

Birtutea da zorionaren
sorburu jator, argia.
Biotz zindora gustora doa
pozaren txori alaia.
Zaiteze beti zorioneko
ezkondu-barri paria;
zerutik dator bakea eta
izarren brintza zuria.

Gaia 1: Laguna
Azpi-gaia: Lagunak: Ezkontzakoa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa