Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

HGB-2^

Hor duzu Kondaira,
Hitz zaharrak
Europako lehen
gizonen garaikoak,
Herritik sortuak,
harkaitzetik hartuak,
iturritik..., zuretzat.
Lehenik maite baduzu,
lehenarekin oraina
nahi baduzu lotu,
hor duzu hizkuntza,
hor duzu Kondaira
ta Kondaira-giltza.
Ahoz aho datoz,
semeak aitagandik
zituen ikasi
ta, inoiz eder batean,
jalki zizkion maite
zuen neskatxari
eta harek, haurtxoei.
Ortze, lur, itsaso
esan zuten
ortze, lur, itsasoz,
ondu zituzten
hitzaren barru ta inguru.
Zer gehiago nahi duzu?
minak, pozak, nahigabeak
badituzte izenak.
Ilunak, egunak,
bizitzak, heriotzak
badituzte izenak.
Hizkuntza osatzen duten hitzak,
gizonak sortutakoak,
gizonaren era ta neurrikoak,
gizonaren barruko egintzaren
emaitzak.
Egin zutena idatzi eta
hil ziren herri haundiak.
Euskaldunek ez zuten idatzi
egin zutenik, baina
hitza ziguten utzi,
hitz bizia,
egite guztia
beregan duen hitza.
Ez duzu ikusten
hitzean dagoela
gizonen egiterik handiena?

Gaia 1: Euskara
Gaia 2: EHerria
Azpi-gaia: EHerria: Nortasuna/Jatortasuna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa