Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

4KO^

Irailak 20. Dioniri.


Dionisio, zorion-agur [I]
Liebana santu hontatik,
berandu nabil lanaren erruz,
akordatu naiz horratik.
Eskola eta erreflexio,
ondo gabiltza hortatik,
hainbat ihardunek burua nahastu
ez ote didan ez dakit,
maixu-jendea garratz ari da
etorri ginen bertatik,
urruti dabil bromatik.

Hala ta ere gustora nabil
bizimodu berri hontan
nahiz eta gauza gehiegi sartu
gura diguten errotan.
Irakurtzeko damaigutena
gehiegia da askotan,
azalduz esan ohi digutena
ezin dut jaso gogotan
estudiante bezala gaizki
ote nabilen orotan,
asmo ta_ahalegin zorotan.

Larunbata da ta arratsaldea,
egin dut paseotxoa,
basurde batek erabaki du
nire atzera pausoa;
usnan ari zen sasi artean,
etzen abere mantsoa,
ez du onartu makilaz egin
diodan errespontsoa,
neuk alde behar izan dut bizkor,
izu ta beldurrak joa,
ez bait zen mutil majoa.

Noizbait etxera heldu naiz eta
oroitu ere bai zutaz
berealaxe jarri natzaizu
letrok idazten arduraz.
Alferrik jausi betazalak plaust
bai nekez eta loguraz
ezin dut etsi idatzi gabe,
ez naiz hortarako kapaz
urte askotan, Dionisio,
zaitez zoriontzu luzaz
gustoko dituzun gauzaz.

Gaia 1: Laguna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa