Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

4KO^

Urriak 25. Larunbata


Igandea ta eskurtsioa,
Urriaren hemeretzi.
Puente Viesgon egundainoko
harpea dugu miretsi.
Barrunbe handia bazuen nonahi
zer ikusi ta goretsi:
bisonte, orein, elefante ta
eskuen forma ez gutxi,
estalaktita-estalagmitak
genituen ederretsi
jeitsiz-igoz, igoz-jeitsi.

Geologiak eta gizonak,
auskalo zenbait urtetan,
gauza bitxi ta harrigarriak
egin dituzte harpetan.
Ikusmenaren, fantasiaren
eskola handi honetan
pozik ikusi ditut egintzak
pozik egin ametsetan:
lehen gizonaren lehen seinaleak
barru penoso haietan
miragarriak benetan.

Santillanara aldatu gara
ikustekoa dela-ta,
hango zergauzak erakusteko
zai genuen azafata.
Erdi aroko etxe, jauregi,
harmarriak dozenaka,
kaleak eurak ikusgarriak,
zorua dena galtzada;
han gindoazen neskaren jiran
hari honi begiraka
gauza ederra zela-ta.

Kolegiata itxita dago
ezin ikusi barrutik,
hala-ta ere, badauka sobra
zer ikusirik kanpotik.
Neskak ez digu asko lagundu,
nahiz-ta ibili aurretik.
Arrietari kasu gehiago
egin diogu horratik.
Kaneziloak ez dira ausart,
txito modosoak baizik,
Cervatos oroitzen dut nik. [I]

Bazkal ordua baino lehenago
ginen Hotel Altamiran,
begirada bat etxeari ta
han ginen mahiaren giran.
Jarrita zeuden janari haiek
finegiak ote diran...
baina jan-eta uste genuen
bestekoak ote ziran?
Ardoa ona, gainerakoa
eder ta gozo begiran,
alde genuen segidan.

Kolegiata ikusi nahi ta
haruntza berriro ere,
oraingo hontan elizan sartu
ahal izan ginen halere.
Han ihardun ginen santurik santu
eta aldarez aldare,
leihoak eta gurutzeria,
kapitel eta pilare;
dena miatu genuen ondo
ustez ezer utzi gabe
ez hegazti ez abere.

Hala pasatu ginen klaustora
sarrera ordaindu-eta;
ez dago behar hainbat zaindurik
busti-uneak daude-ta;
baina-ta ez zait laster ahaztuko
sartuz arako pareta:
Pantokrator bat hantxe daukazu
ez sobra ondo gordeta;
bata-ta beste zer ikusirik
erromanikoz aseta
koluna-sailak daude-ta.

Bagindoazen klaustroz kanpora
ta, norbaitek horra deitu;
gu, Liebanako fraile ginela
zuela-eta aditu.
Bi gauza -zion- eliza honek
ikusgarriak baditu:
Lignum Crucis eta Pontea
biak gauza galant ditu;
bata hor dago dokumentutan
ageri ta kreditu,
Pontea hor da, begitu

. Lignum Crucisa atera zigun
ongi ikusi genezan
hamabostgarren mende puntatik
gordetzen dute elizan.
Esan bezala, dokumentu ta
izkribuen faltan ez zan,
Liebanakoek bidali bide
zuten zerbait ordain zezan.
Ostiral Santuz agertzen dute
jendeak laztandu dezan
benetakoa den gisan.

Pontea ere agertu zigun
erakusten ari zenak
ta bederatzigarren mendeko
zela zion zekienak.
Dimentsioak handiak ziren
aska borobil harenak,
inmersiozko bataiorako
oso apropos zirenak.
Merezi zuen ikustaldi bat
hain objetu nabarmenak
dena pieza bat denak.

Pena bat ere esan behar dut
bizi bait nuen sentitu:
"Regina Coeli" museorako
asti gabe naiz gelditu.
Antzina baten ikusi nuen,
irudi ederrak ditu.
Zikuta-sortak behar baino lehen
autora eraman gaitu; [II]
astirik bazen kontu hobeak
atera izan balitu,
gaur ez da argi aurkitu.

Cobreces dugu urrengo txanda,
han noa marmar ta kesa, [sic]
ez dakit zertan behar genuen
biajatu Cobrecesa.
Nork ote dauka Cistertar batzu
ikusteko interesa?
Nola-ta ere heldu ta gero
atsegina dut sorpresa:
gustoko gauza egokitu zait
gotiko haren babesa
errezu-leku arteza.

Han bildu gara otoitzerako
ojiba_hain altuen pean,
egia esan otoitzaldia
piskat presta zitekean.
Baina-ta nonbait inprobisoa [sic]
karisma da gutartean:
joan ta bertan bezperak hasi
ditugu ya (1) bat-batean;
Jaunaz aparte, eskerrak gutxi
izan den gure parean,
ihardun despistez betean.

Eusebioren nostalgia bat?
Zergatik Komillasera?
Han joan gara Gaudiren edo
zerbait handi ikustera.
Famaz jantzia, baina gaur hutsik
dagoen ikastetxera?
Heldu ta nora joango eta
hondartzako bazterrera;
ibili ere ibili gara
alde abetik bestera
mutil zahar galdu antzera.

Ganora bako ibilaldia
eginda gero, autora.
Iluntzea da, behin honez gero
gaua dator edonora.
Motorra martxan hasi da eta
bagoaz geure txokora
Gaurkoan ez da kanturik aitzen
Txanton alaia gaiso da. [III]
Gainerakoan gaurkoa ere
ondo asko igaro da,
ni neu behinik behin, gustora.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Bizitza: Anaiartea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa