Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L1G^

Eman eta maitatu, [I]
zer ederragorik?
Ezkontzak ez du lege
aurreragokorik.

Elkarren osagarriz
elkar osaturik,
bila maitasuna ta
iraun hartan zutik
bata bestearentzat
pozez zoraturik.

Beti da maitasuna
batasun-egile,
berez du batasuna
bere jokabide.
Zenbat den handiago
hainbeste da irme;
samurra den adina
bihurtzen da kate,
hesparru zoragarri
ta gozamen-labe.

Dohain bizkorrena da
beti hazi haitan
barruan duen indar
berezko bizitzan.
Zoriona dario
jario argitan,
gehitu-ala sarrituz
agerpen berritan;
benetan dut sinesten
maitasuna baitan.

Harreman guztietan
sakonena noski
ezkonduen guztizko
bat-egite hori.
Hain da ezkontza izan
batasun-ageri,
bizi gaituen Jaunak
hala du eritzi
gure ta Haren arteko
elkargo irudi.

Maitasun ederrenak
baditu etsaiak:
norberekeria zein
eztabaida gaiak.
Indartu aldi oro
maitasun-sustraiak
goruntza egin dezan
zuen onginahiak,
goza zaitzaten beti
ezkontzako baiak.

Gaia 1: Laguna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa