Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L3G^

Ez daukat zer idatzi,
hauxe da egia;
ez dut gogorik ere
hain nago eria;
halere badihardut,
bada mixeria,
aginduz egin behar
bai dut komedia.

Xebero Zinkunegi [I]
jarri didate gai,
pertsona atsegina,
jatorra ere bai;
baina hala ta guzti
ez naiz ari lasai,
musagabeko lanik
ez bait da barkagai.

Aginduak omen du
ontzen gure lana,
ez dut sinesten baina
beharrak narama.
Behin aitortu dudanez
bizi dudan drama
inork ez dezaidala
ezer erreklama.

Xebero Zinkunegik
badu nondik heldu,
galanta bai ba [sic, da?] gorputz
eta adimendu;
graduz ere lortu du
nahiko luzimendu,
Bikario den horrek
argi mantentzen du.

Gustora dakusagu
dohainez jantzia,
eskatzen eskaxa ta
ematen handia;
hainbat da horren sena
ta elegantzia
non bera dugun gozo
eta alegrantzia.

Beti elegantea
taiu eta ele,
edozein arazotan
badu gizalege;
eskulan eta bertso
lantzen maisu trebe,
alabaina gaztainak
biltzen batez ere.
Dozenerdi bat bertso
baditut botarik
Xeberoren figura
ondratu gurarik;
gizon horrek ez dauka
meritu faltarik
nahiz eta ez aipatu
gaztaina hagarik.

Igazko egitada
idatzirik dago,
ez daukat gaur zergatik
berriz lehenera jo. [II]
Sasoiak dezaiola
lagundu luzaro
urte askotan goza
dezan gaztainaro.

Despistatu samarra
ibili naiz aurten,
beste zenbait arazo
izan ditut nahaspen;
horra distrazioek
zer oker dakarten
elas! ez dut ikusi
gaztainak erazten.

Luma zahar hau berotuz
ari zait demontre,
beharbada laster naiz
erne ta dulabre*;
martxan nabari ditut
pila ta alanbre,
ez al dut idatziko
kintal bat desssssassstre. [III]

San Lukasen eguna
aurtengoa zuzen,
hileta batetara
Zarautza joan zen-,
hango gertakariaz
harritu gaitezen:
hil omen zena sano
aurkitu bai zuten.

"Qué bochorno" apala
zion sarri gero,
egin zuen mirariz
lotsa zen Xebero;
humildade santuak
itsututa-edo,
hain milagrero zenik
ez nuen espero.

Mihi zitalekorik
bai baita sobera,
marmar gaiztorik ere
entzun zen kolpera:
"Aitzakiarik baldin
badu-ta atera,
Xeberok baduela
Zarautza joera".

"Bageunden hemengoa
zelako ustetan
egia agertu da
iragan bozketan:
ez dago Oñatiko
zentso-paperetan
podereak han ditu
Zarautzko urnetan". [IV]

Arantzazun gorputza,
Zarautzen arima,
ez al da bat alferrik
galtzeko sistima?
Zuei ez al dizue
ematen lastima?
Zergatik ez orduan
gehixeago mima?

Konprentsiorik eza
hain da gauza latza
zein-eta zaurietan
eskutada gatza.
Baldin eta Xebero
badoa Zarautza,
harako duen xera
berezkoan datza.

Izan ere Zarautzen
hain dute kuttuna,
normala da harako
dadukan erreuma .
Beraz zergatik egin
hainbeste marruma,
ez al da barkagarri
noizbaiteko tuna?

Argudio serioz
nabil zure alde,
Xebero, zure ondra
defendatu zale;
nik ez daukat batere
dudarik bestalde
Zaratuz hori zein zaizun
leku paregabe.

Gustoak defendatzen
neu nauzu aurrena,
zure joera hori
ezin dut kondena;
gogorik duzunean
egizu irtena,
ea eskusa gabe
zoazen urrena.

Txakolin makolina,
lagunarte ona,
han da zure taldea
fraka eta gona.
Halako aukerarik
nola abandona?
Marmarren pisuak ez
zaitzala desploma.

Gaizki-pentsa-zaleek
pentsa dezatela,
beti izango dugu
nork egin nobela.
Binbitartean ez gal
gizarte koktela
nahiz dela egunpasa
edo ta gaubela.

Zertan behar du batek
bakartiar bizi
zein-ta balitz mendiko
pizti edo ihizi?
Bizitza ospatzeko
ez al da lehenbizi?
Biba la Pepa eta
ez gaitezen izi.

Gaurkoz amai dezadan
kontseilu zerrenda,
jada eginik dizut
nahikoa arenga;
nire gurarietan
gorena hauxen da:
zorionak zaitzala
pozetan sostenga.

1982 - azaroa

Gaia 1: Laguna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa