Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L2G^

Bertso berriak jartzera noa (1)
egun Lastur dut suieta, [I]
ontasun eta kemen handiko
gizaki polifazeta;
zientzi-arte-gaietan maisu,
nahi eta nahi ez poeta,
hartaz ahal nadin egoki mintza
martxoak bosta du-eta. (2)

Kakarraldoak, marigorriak,
matxinsaltoak, erleak,
zomorro, zapo. arrubioak,
ziraun, zizare, sugeak,
abere, pizti, arrain, hegazti,
landare eta loreak,
horiek bizi-liburu bitxi [horiek ditu bere liburu]
Mielmai begiluzeak.

Oraindik aski mutiko zela,
heldu zitzaigun honuntza,
apal eta isil agertu zigun
berebiziko okuntza;
eman ahalean hartzen zituen
zientzia ta hizkuntza,
bertsotan ere ez zuen txarra
etorria eta funtsa.

Jakindurian ugaldu-ala,
leunduz modu ta ohitura,
latza izan du urteak zehar
betiko aurreragura;
froga ederra janak atontzen
agertzen duen kultura,
apaiz-karreran sukaldaritza
ez bait da asignatura.

Bilbo aldean ibilia da
unibertsitari bakan,
zientziez gain euskara ere
ondo ikasiz aukeran.
Hontan, hor dei bat: Espainiako
bandera zinpetu zezan.
Ezetz esan du eta geroztik
laster asko da gartzelan.

Garellanotik Kartajenara
gatibu bide luzean,
ene musak, zer izan ote zen
Fuerte de Galeras-ean?
Halere haren arima inoiz
ez zen paratu menpean,
alferrik euki militar gogor
aralde* beltza gainean.

Txirolan ere ez bait zen egon
geldikeria eroan,
gramatika ta eskulan zenbait
ikasi zuen behingoan:
gantxiloan ta baloiak josten
mutila dugu geroan,
hitz arrarozko perpausak ere
osatzen ditu beroan.

Trebe ta gogor, zintzo dihardu
irakasle ta hezlari,
muttiko-lana gutxietsita
hor dabil txita-zaindari,
bistan bait dago kendu diola
amatza oilo lokari,
nahi nuke jakin oporrik eman
ote dio oilarrari.

Sarritan ohi da mindegi eta
landaredian arduraz,
batean kimik esperimentuz,
bestean aitzur laburraz.
Adar berri ta dudako belar
badu nork kendu ganoraz:
ardi, zaldi ta ahuntzek kopauka,
Joxebak esku zehatzaz. [II]

Buztinlaritzaz mintzatuz gero
ene musak, gaiten isil,
badu tornurik, badu laberik,
badakigu zein den abil. [III]
Moldatu ditu, egosi ditu
pitxar, eltze, potik, aspil,
ontzion buru bai legokeela
bildots erre bat biribil!

Gaia 1: Laguna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa