Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L2G^

Halanik edo holanik,
izen onaren atzetik,
begirunea geuganatzeko
badarabilgu afanik

Gaurko aukera zera da,
sukaldaritza parada:
Boris ta Lastur hemen ditugu
gauza nork hobe atara. [I]

Ahalegin bedi bakoitza,
ez da arazo zikoitza;
Hotel onenak desio luke
hauen neurriko bikoitza.

Kaxuelari on Boris,
reposteru Lastur berriz,
afalkideok erruki, hainbat
gisatu eta guleriz.

Borisek badu izena
pisutan bezain gizena;
irabaziko al du gaurkoan
irakasle goitizena.

Nahiz ez den Lastur oraindik
hainbeste famaz jantzirik,
pozik nekuske reposterutzan
goren mailara jasorik.

Harro gaitezke zerbaitez
deituak izan garenez;
seguru asko hauta gaituzte
katador onen beharrez.

Hala ohi da bai legea,
hona epaile-jendea:
Nor bakoitzari emango zaio
merezi duen berea.

Has bedi Boris defentsan
mantso eta reo gisan.
Gauza hoberik ez al du utzi
izkutaturik despentsan?

Lastur ere ager bedi
apal belarri ta begi.
Konta bezaigu bere laneko
maneju eta pikardi.

Geroko utziko dugu
erabaki ta inguru.
Zigorra latza izan daiteke:
saio berri bat, seguru.

Julianek txakolina,
Anjelitak gazta fina;
sorpresak ere azkar lezake
postre orduko txolina.

Beti ohi da alegera
lagun arteko bilera,
halere ontzi-soinuz denean
laratza* eta trebera*.

Biba jakin lurruna,
biba lagunen bazkuna;
berriro ere elkar gaitezen
jarri dezagun eguna.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa