Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L2G^

Egunak bultzatzen nau,
ezin dut atzera,
Borisen omenetan [I]
bertsoak jartzera;
gizona sujerente
berez da sobera,
egun ospatzen ditu
urteak gainera,
zorion eman ondoz
goazen lanera.

Neri ez zait gertatu
holakorik sarri:
dozena bat behi gorrik
naute iratzarri;
nonbait ospakizuna
digute igarri,
kanpinez sartu dira
arranez txintxarri,
diana jotzaileak
ez ziren elbarri.

Behien pasakailea
amaitu denean,
suspentserik izan da
Irati aldean;
bi maskota geneuzkan
mimo ederrean,
oilo batak alde du
ez da kanpinean,
guztiok jarri gara
sospetxa txarrean.

Ez dago gosaririk,
bai tristura latza,
oiloarekin galdu
dugu alegrantza;
hala ere, noizbaiten
hauxe bai halatza*!
horra non den oiloa,
orobat arrautza,
laister nibelatu da
oker zen balantza.

Borisen egunari
horra berriz poza,
gauzak ongi bai doaz
behar dugu goza;
urtegun bazkaria,
giro aproposa,
pagoak damaigute
itzal baliosa,
hobe denak balira
gu bezainbat ontsa.

Hibaia zurrumurru
ur garbien hotsez,
ingurua lasai ta
egundoko bakez;
honuntza etorriaz
ez naiz damutzen ez,
ez-eta aldamenka
daukadan lagunez,
hauxe esan nahi nuen
Borisen omenez.

Gaia 1: Laguna
Azpi-gaia: Lagunak: Urtebetetzekoa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa