Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L2G^

Munduan zehar duzu
gizon ezaguna,
altuan motza, jitez
jaso ta bakuna;
hizketan bizia da,
lehian bihoztuna;
pinturan du pisu ta
balio astuna;
Xabier Egaņari
buruz dut iharduna. [I]

Pasadizo politik
badut aipagarri (1)
igazko saio eta
gaien osagarri:
Arreta-gabe denik
ezin dut irarri,
despistea ostera
ez du lotsagarri,
bestela apalago
behar luke sarri.

Bazela, esan nion,
erretratu gairik,
gal-zorian zeudela,
arriskuz beterik.
Harriurdin aipatu [II]
nion sugarturik
hango gazta-pentsa [sic] ta (2)
tresnak goraturik
zerbait jadetsi* banu
ez nuke damurik.

Joan bai, joan ginen,
hura atsegina!,
-giro txarra zegoen,
bidea zikina-,
baina hantxe zihoan
Xabier Egaņa,
esploradore gisan,
pardel ta makina;
derrior behar zuen
ondu lan bikaina.

Presa genuen biok
bost arrazoigatik,
Egaņak lau zituen,
nik batto bakarrik:
etxean behar nuen
bostak jo aurretik,
bazkariz gero ginen
atera etxetik,
aspaldi ez dut egin
korrika hoberik.

Haizea, laino beltza,
euria, lokatza.
Ikara gabe doa
bikote garratza.
Egaņak foto-poza,
nik amets aratza,
oraindik bada jende
yayo ta maratza*.
Han-hemen ageri zen
loretan sahatsa.

Itota heldu ginen
Harriurdinera,
aurrena gazta-prentsa
zuen aterpera.
Egaņak bota zuen
pardela lurrera,
makina jaso zuen
begien parera,
etzan zen, zutitu zen
zineasta antzera.

Adurretan nenbilen
afana ikusiz,
harriak baztertu ta
asunak erausiz.
Gauzok merezi dute,
nion, behin ta berriz;
Egaņa ados nuen
nire ihardun guztiz,
makina disparatuz
dozena bat aldiz.

Jada aski dela-ta
pozik aitzinera,
han beheragoxe diren
etxaboletara.
Estiloa ikusi
besterik ez, ta, hara,
biok aitortu dugu
mirazko zirrara.
Flasha ahaztu zaigula
han ohartu gara.

Ez bai gara alferrik
talentu zoliak,
laster otu zaizkigu
bide egokiak:
zergatik ez atera
aulki ta ontziak,
inolaz garraiatu
ahal diren guztiak?
Horra non orain ongi
damaien argiak.

Hau behean, hori goian,
bada arazoa,
ez da izan erraza
konposizioa.
Noizbaiten prestatu du
teleobjetiboa,
hor dabil atzera ta
aurrera pausoa,
ez du behingoan bota
lehenengo tiroa.

Gero-ta usuago
jaurtiz disparoak,
Egaņa harritu du
zerbait arraroak:
karrete txarra ala
makina failoak?
argi ez dio, baina
baditu susmoak.
Nik ez nien eritzi
haintzat hartzekoak.

Itzuli dugu dena
zegoen lekura.
Patxada bukatu zen,
berriro estura.
Berandu iristea
ez bai da itxura,
ahalik-eta bizkorren
goaz konbentura,
pozarren irazkinduz
geure abentura.

Hala nuen lanean
uste on itzela,
pelikula nahi nuen
zezan errebela:
"agindu laster baten
egin dezatela,
fotoak ikusteko
urduri naizela".
Usoaren lekuan
atera dit bela! (3)

Ez dago kolorerik,
figura bakarrik;
borroi luze itsusi
iluna bakarrik.
Ez ziguten on asko
egin hainbat larrik,
egundo horrelako
beaje kaxkarrik!
Egaņari ez zaio
gorritu bizarrik.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa