Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L2G^

Errezilen jaio ta [I]
han-hemen hazia,
aukeran gazia;
metro ta erdiz gora
oztatxo pasia;
mintzaide aho-zorrotz,
sofista nahasia,
Voltairenetik ere
badu askazia,
handiagoa balitz
a zer arkazia.

Igaz apal genuen,
aurton berriz isil,
asketikan* [sic] abil;
urteko birtute bat
praktikatuz dabil;
Azeri zahar barrutik,
kanpotikan opil,
ijito maltzurrenen
sistima darabil:
aukeraren harira
uso ala okil.

Beti eraman ohi nau
nahi duen lekura,
koipe ta lilura;
gizajo honi egin
-araziz zer-gura;
baldin ta zor badizut
idazte-hazgura,
garbi aitortu nahi dut
nire desbentura:
hartan bait dut pasatu
hamaika estura.

Gaur lasaiago nabil,
nire kasa noizbait,
errazagoa zait,
hitz hauen esperoan
ez bai zaude nonbait.
On bait da dohan ere
ihardutea ahalbait
honatx urteeguneko
erregaluz zerbait:
zorion-agur anitz
eta bertso zenbait.

Esan dizudanari
ezer kendu gabe,
bihoa hau ere:
merezia duzula
dedu ta ohore.
Bikario bai zaitut
edo probisore
hor ibili ohi nauzu
zerbitzuan more [zerbitu nahiz more]
ile itsusi hori
moztuz hain dotore.

Bekokia argi ta
sudurra kakoan,
horratx non dagoan
zigarro hondakina
zintzilik ahoan;
itxuraz aittona bat
-edo delakoan,
azeria hor dago
betiko giroan
bildotsik deskuidatu
dadin esperoan.

Apaltasunez eta
isiltasun luzez,
birtute izenez,
ehizean egon ohi da
adimen zorrotzez;
eskerrak zerbait behintzat
ezagun dugunez,
nabarmendu ohi bait da
popako [noiznahiko] lurrunez,
nahiz-ta bazkatzen ez den
beti babarrunez.

Desafiorik badu
apaltasunean,
Bizkaiko partean,
Bilbon han dago Xanti [II]
erronka batean.
Badaukazu norekin
saiatu lanean,
guantea jaurti du,
hor dago lurrean,
lekua ta eguna
zeuk nahi duzunean.

Ni erretzen naukazu
ikusteko gogoz,
desafioz ados,
bi anaidiren famak
jokoan bait dagoz.
Asperturikan gaude
jende-aho-beroz,
benazko proba baten
esperoan gagoz.
Urriko astelehenak
segituan datoz.

Ez litzake Gernika
paraje txarrena,
jar dezagun dema;
interes handikoa
litzateke tema.
Botillero ta guzti,
probetan ohi dena,
ea biotatik nor
azaltzen den lehena,
noren alde jokatu?
hortxe dago dena.

Biak dira mutilak,
plaza-gizon biak
ta bertsolariak,
probak aldean ditu
bentaja guztiak.
Azkartza ta Bilboren [III]
erdian jarriak,
zer arrakasta lukeen
deporte berriak!
Juez egin dezala
publiko handiak.

Alimo Jerolimo,
ea nor den gehien,
plazara lehenbaitlehen.
Kontseju bat, Dioni,
zuretzako hemen:
ez ahaztu Frai Manuel [ez ahaztu Manuelez] [IV]
inondikan, arren,
besteak beste, hori
ez zenuke txarren,
zu adina bait duzu
oraindiokarren.

Koroia opa dizut,
irten burrukara,
ez izan ikara,
ederki zaildutako
gizona bai zara.
Bilboko hori ez duk
baizik burrundara,
biba geu ta geutarrak,
nagusi bait gara.
Datozela biderdi,
hor dago eupada.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa