Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L2G^

Aita Jesus Larrinaga [I]
hartu dut gaur koplagai,
gizonak merezi du ta
gertakuntzak ere bai:
sujet arrarorik bada,
hau behintzat bada, karai,
nola daiteke batera
uso apal eta sai?

Bilo garratzez adatsa.
bekainak zurda zapa,
konturatu zareneko
begiz jo zaitu dapa:
alferrikan estalgarri
habitua ta kapa,
larruz barru bizi duen
piztia ezin tapa.

Asistar Frantziskok inoiz
hezi zuen otsoa,
Kondairak ez du geroztik
ahaztu pasadizoa.
Gubbiok Barakaldu du [II]
bere kontrapuntoa,
nork otzandu ote zuen
sai harro ta gaiztoa?

Bakoitzak baduke bere
ezkutuko burruka,
Aita Jesusek berea
ezin lezake uka;
baina nahizta, pausotxarrez
noizbait egin zabuka,
laister ohi du bere saia
usapalean truka.

Gizonak hor izan ditu
destino ta zeregin,
ezagutzen ez dudanez
ez daukat zertan ekin.
Inoiz aitorle ta gero
maisu ziguten egin,
badut zenbait akordu txar
baita zenbait atsegin.

Denborak gozatu ditu
akats eta erbatzak*,
orain ez zaizkit hain garratz
aspaldiko makatzak*;
gozagaitza ezti bazait,
egin kontu aratzak,
atseginak zer ditukeen
nire bihotz abatzak*.

Baina zer ari naiz hainbat
huskeriri begira?
Esamesak utzi eta
itzul nadin [naiten] harira:
zure apaizgoko eztei
urrezkoak bai dira,
gora, zutaz jabetu zen,
gantzuaren distira.

Berrogei ta hamar urte
elizgizon zarela,
izpirituzko etxean
giltzari ta bedela;
handia da zure ahalmen
dohainen urmaela,
mendigaineko argi ta
zurubiko karela.

Nonbait esker onez zara
gaur Jaunaren aurrean
asko goratu bai zaitu
lagunkide hartzean.
Hemen gaituzu gu ere
zeure aldamenean,
apaiz erregeen herriaz
Magnificat betean.

Aita Jesus Larrinaga,
zorioneko gizon,
orain arte zaituenak
zaitzala geroz jagon;
zugan ospatzen bai dugu
hartu dugun anitz on,
jaikide guztien ahoz
zuri oles ta bejon.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa