Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ARAN^

Uztailaren 12an jende bere moduko batez beteta arkitu nuen Arantzazuko Ejerzizio-Etxea. Santandertik etorri nintzan Seminarioko gorabeheraetaz ari behar baigenuen bizpairu egunetan. Seminarioko jardun hoiek libre utzi nindutenetan, Ejerzizio-Etxeko jende harengana inguratu nintzan. Gaur, haietako birekin izan nuen hizketaren berri emango dizuet. Bata Jüurgen, J. Döllen zen, alemana, Würzburg-koa, bestea Ramon Bereikua Basauri, Plaentxiarra. [I]

—Jürgen*, ikasle ala irakasle zaitugu?
—Ikasle eta aleman hizkuntzaren irakasle, Urbana-Champaingn-en, Illinoisko unibersidadean.

—Zer ikasten duzu?
—Linguistika.

—Eta zu, Ramon, ikasle ala irakasle zaitugu?
—Ikasle, Nueva York-eko universidadean [sic]. Linguistika ikasten dut.

—Zer egiten duzute Arantzazun?
—Euskal gaiei buruzko kurso bat.

—Hau al duzute giza [sic] hontako lehenengo ertenaldia?
—Orain bi urte, gisa hontako beste kurso bat izan zen, baina gu ez ginen izan.

—Aurrekoa nun izan zen ba?
—Lapurdiko Ustaritzen.

—Zenbatzu zerate?
—34 bat.

—Unibersidade bakar batetatik ala gehiagotatik etorri zerate?
—Unibersidade askotakoak bildu gera. Hara: Berkeley-ko Kalifornia unibersidadetik, Santiago Kalifornia unibersidadetik [sic, Txileko Santiago?], Renoko Nevadako unibersidadetik, Moscow-ko Idahoko unibersidadetik, Chicagoko unibersidadetik, Urbana-Chanpaingn-go unibersidadetik, Nueva York-ko unibersidadetik, Argentinako Buenos Aires-ko unibersidadetik, Quebec-ko Montréal-ko unibersidadetik, Californiako Derecho Fakultatetik. (1)

—Guztiok etorri al zerate gauza batetara?
—Etortzearen arrazoiari begira bi taldetan banatu gindezkela uste dugu. Estados Unidos-era joan ziren euskaldunen ondorengoak osatzen dute lehenengo taldea. Jatorri herrira peregrinazioan bezela etorri dira hoiek.
Euskal gauza zenbait ikastera etorri direnak osatzen dute bigarren taldea. Arrazoi desberdinak ekarri gaituztena nabaria da beintzat.

—Zer bizimodu egiten duzute hemen?
—Linguistikako, antropologiako, euskal historiako, euskal literaturako eta formalismoko kursilloak egiten ari gera. Euskalerriko lurraldea ezagutzeko eskursio batzuek ere egin ditugu. Esate baterako, Biarrizera [sic], Donibane Lohitzunera, Baionara, Mauleonera [sic], Donibane Garazira. Nabarra guztia zear ere ibilli ginan eta San Ferminetan Iruñan geratu ginan. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaya [sic] ere ikusi ditugu.

—Nortzuk izan dira kurso honen eratzaile?
—Nevadako eta Idahoko unibersidadeak dira kurso hau eratu eta babesten dutenak. Dr. William Douglass antropologia irakaslea, Dr. Eloy Placer eta Dr. Yon Bilbao Nevadako unibersidadeko irakasleak dira antolatu dutenak.

—Jüurgen, gustora al zaude kurso honen martxaz?
—Ba, bai. Astebitarteko gaien ugaritasuna, asteburuko eskursioak, gaueroko dantza eta kantusaioak-eta, aide on bat eman diote kursoari, baina ez zitzaigun asti askorik estudio serio baterako geratzen. Nik jarraitzen nituan ikastaldiak (Dr. R. de Rijk Linguistika eta euskera elementala Oñatibiak) ondo irakatsiak ziren, baina jakin dut estudiante guztiak etzirela pozik haren kursoetaz. Douglass irakaslea gaixotu egin zen eta ezin egon izan zen gurekin aste bat baino gehiago. William Laxalt formalismoko irakaslea Euskalerriari buruzko lan bat idazten aritu zen eta hiru egun bakarrik egiten zituen bere taldearekin; argi dagonez, haren kursoko ikasleak ezuten [sic] izan asko ikasterik.

—Kurso hontaz zer nabarmenduko zenduke?
—Nik, Linguistikan arduratua naizenez, Europa [sic] hizkuntza guztietatik hain bereizia den hizkuntza batetan barruratzea, eta bizibeharrez burrukan ari den hizkuntza batekin arkitzea. Eta hau ere esan nahi dut: Linguistika estrukturalistek nahi zuten eta duten baino alkarrekin antz gehiago dutela hizkuntza guztiak, lehen baino ere konbenzituagoa nagoela.

—Eta zuk, Ramon, zuk zer nabarmenduko zenuke?
—Atzerritarrak gure hizkuntza eta kultura ezagutzeko duten gogoa.

—Jüurgen, konforme al zaude euskerari buruz ari dugun jokabidez?
—Galdera honi erantzutea oso zaila da, politikari buruzko gai batzuekin oso lotua ikusten dutalako.
1.- Euskal independentziari dagokionez erabat neutrala naiz, baina Pirineoen alde banatan ezagutu ditudan euskaldun "profesionalen" (Ikastolen eratzaile, P.N.V.-koen, ETAkoen, eta euskera irakasleen) artean bereiziki aipatzerik merezi duen bakarra ETAko bat da, nahiz eta ni haren helburu eta motodoekin erabat desakort egon. 2-. Hizkuntzaren bizitza eta haren zabaltzea nahi duten askok, nire ustez behintzat, bizitza modu bere moduko bat konserbatu nahi dutela ematen du. Baina hizkuntzak, bizirik biziko bada, ez baserritarren, baizik uribarruetako jendetzaren beharra du. Euskaldun kontzientzia eta euskaldun izan nahia behar handiagokoa da euskal kantu eta dantzak erakustea baino. Euskerak XX garren gizaldirako hizkuntza behar du izan eta ez XVIII garren gizaldikoa.
3.- Ezin nezake Euskaltzaindiaren lanik juzga; baina ez dirudit garrantzi handiko gauza preterito anteriorreko sujuntiboko forma diskutitzea, hizkuntza mintzatuan esistitzen ez bada.
4.- Euskaldunak heren artean franzesez [sic] edo espainolez mintatzen direla askotan ohartu dut. Nazionalismoa serioski hartzen baldin badute, zergatik ez dute egiten euskeraz?

—Eta zuk, Ramon, zuk zer derizkiozu?
—Euskaldun guztientzat euskera literario bakar bat sortzea laudagarria deritzat, hala ere nahiago nuke euskal idazleen artean estilo herrikoi eta berri baten indarrez Euskaltzaindiaren lan larriak erreztu litzakean "un carismático Lutero" bat sortuko balitz.

—Jürgen, zer diozu Arantzazutaz?
—Estudiorako giro baketsu eta egokia eskeini dezakeala. Niri ezin hobea iruditu zait, nahiz eta beste zenbaiti baztertuegia.

—Eta zuk Ramon?
—Udako euskal hizkuntza kursoetarako toki ideal bat gerta ditekela Arantzazu. Hori bai, gauza batzuen egokitzea beharrezkoa litzake. Gu egon geran Ejerziziotako Etxea, ez da estudiatzeko egokiena. Geletan argi apalegia, eta lanerako mahiak txikiegiak. Baina akats hau errez erremedia liteke iruditzen zait.
Arantzazuko egonaldia oso atsegingarria izan dugula ere esan bahar dut. Gure esker onik egizkoena franziskotarrei eskeini diguten hain abegi onagatik, eta gure deseorik biziena euskal estudioen betiko katedra gerta dedin Arantzazu, gure hizkuntza zaharraren misterioak argitu nahi dituzten mundu guztiko inbestigadore eta unibersitarioentzat.

—Ba al duzute beste esan nahi zenutekenik?
—Une hontan ez.

Gaia 1: Euskara
Gaia 2: Hizkuntza
Azpi-gaia: Euskara: Modernotzea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa