Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Zahartu egin da bat eta gertakizun zenbait ahaztu egin zaio dudarik gabe (1). Baina gutxi asko sastraka artetik ezin libratuz ibili den norbait dela dirudio bati. Sastraka ez du izan beti halere kanpoko eta inguruko sasitza nahasi eta itsua, bere burua, bere asturua, bere izaera gertatu zaio sastrakaen. Baina guzti hau gaur eta orain bizi dudan eritzi belzkara eta gehiegizko bat ere izan daiteke. Orbelaungo goiz hain urrunak ditut gogoan. Ohetik jaiki eta eskailera burutik behera, karrajuko* ilunetara, atariko ate nagusia zehar zirrikituetatik sartzen ziren eguzkiaren argi zirrizta urrezko tronpeta halakoak ditut ikusten ahaztu ezin ahalako pozgarri. Etxe aurreko hariztia dut gogoan kimazko* eta orrizko bahez eralgiz eguzkia, larraineko gerizpea, oiloak eta behiak hori argiz nabartuz. (Halatsu ere badakusat nere barrunbeko eta nere larruz kanpoko historia margula* argi tronpetek alderik alde edertua guztiz urrun eta labur bada ere). Aitaren eguneroko humore ona dut gogoan eta hainbat eginkizunetarako trebetasuna, ganaduak uztartzeko modu gozo eta airosoa, gurdia iraz nahiz beste azpigarriz zein bete eta zein txukun kargatzen zuen, aitzurra eta aizkora erabiltzeko zuen yayotasuna, astelehen arratsaldetan etxaburuan gora Gernikako feriara eramaten zuen pausaje jasekoa*, ganaduekiko zuan esku samurra, bere aurpegi bizartsuaz masailetan ateratzen zizkigun koloreak... amaren lixiba edo jabonadura habetik haberako alanbretan zehar zuri eta garbi usainekoa, amaren irina eralgitzea, orea egitea, ogiak egokitzea, astelehen goizetan Gernikara eraman behar zuen bandejaren prestakuntza txukuna, haren malenkonia isil eta nekez disimulatzen zuena, haren kantu pintin bat tristeak, haren zintzo izan beharraren beharra, domeka arratsaldean, aitita Larrostakoa zetorrenerako prestazen zuen txokolate usaitsua, etxetik elizara edo irten behar genuenean harek jartzen zuen ahalegina itxura onez joan gindezen, eta ezin ahaztuzko ia beti etxez kanpo, larrean, landan, soloan eguzkitan, haizetan, euritan, aideko hegaztiak eta lurreko piztiak bezalatsu bizi izanaren sentsazio maitagarria. Hori denori eta beste akordu argi tronpeta halakoak ere badakuskit nere barrunbeko urrun gozo hartan. (2)

Laburu-labur esanda:
—Gernika erre zuten arte, pozik eta gustora eta natural bizi zen umeetako bat naiz.
—Ni, nazionalek nagusitu zitzaizkigunetik, galtzaileen muskil arbuiatuetako gertatu nintzen.
—Neurez nintzena isilean eta beldurrez bizitzera beharturik aurkitu ginenetakoa naiz, eta ez nintzenarena egitera behartuetakoa.
—Euskaldun sentimendua kontzientzia txarrez ere bizi izan zutenetarikoa naiz.
—Neure sentimendu naturalen eta inposatutako bizimoldearen arteko eskizofrenia mingarrian bizi izanetakoa ez ezik, ondo luzaroan neure gogorik bizienak ziztatu, urratu eta suntsitzen aritu izandako masokista ere banaiz.
—Ni, kasik neure borondatearen kontra, euskaldun atera naizenetakoa naiz. Horra.
Zer zerikusi duen honek guzti honek dihardugun literatura sorkuntzarekin? Bistan ez badago, ez da zaila adieraztea: pertsona guztia dago gorrin horrek jota, pertsona guztiaren emaitzak daude gaitz horrek kutsatuta eta noizbaitzuetako deskuido eder batzuez aparte, kontzienteago ala inkontzienteago, pertsona guztia dago asaldatuta, bere onetik irtenda, etsipenera, hondamenera eta oldarkeriara lerratua, ze, "de lo que se come se cría".
_________________________________ (3)

Hori horrela, bai eta ez nintzen, ez eta bai. Han neukan amak Orbelaunen 16-17 urteko nintzela eskatu zidana: "Gu gehiegi zahartu gara ia erderaz ikasteko, halan da ze, zeuk beharko dozu euskeraz ikasi". Han ikusten nituen nazionalen kontrako agerkariak ezkutuka eta isilpeka irakurtzen zituzten lagun batzu. Han somatu nuen euskararen alde zeuden fraile egin batzu bazirela, han aurkitu nuen euskara ikasi eta lantzeko arrazoi apostoliko bat ere: Jainkoaren hitza euskaldunei hotsegiteko beharrezkoa zela euskara ikastea eta euskara ikasteko genuen asteko ikastaldiaz baliatzen hasi nintzen. Han aurkitu nuen iluntzeko azken errekreo bitartean baino ez bazen ere eta askorentzat ikuskari txarra bazen ere, eta askok erasiatzen bagintuen ere egunero euskaraz egiteko erabakia hartu zuen lagun taldetxo bat eta gero Donostian falanjistek euskarazko poesia lehiaketa bat egin zuten eta agertu zitzaizkigun A. Kandido Zubizarreta eta A. Karmelo Iturria Lizar (4)

Gaia 1: Biografia
Gaia 2: Idazlea
Azpi-gaia: Biografia: Baserria
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa