Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AAP^

46 urte. Ez naute izutzen. Erlojura begiratu arazten didate bakarrik. Orduaren zai jartzen naute. Zenbat iraungo ote du oraindik nahi ta ez etorri behar zaidan orduaren etortzeak? Bitartean zer egin pentsatzeko jakin nahi nuke. Baina ez al dakit bitartean zer egin? Nora eta zertara dihoan dakienak badaki. Torniloak estutu, alferrikoei utzi, bide zuzenari lotuagotu, horra. Igaroa borratuz dihoakit, behin baino ibili ez dudan bidea dudanez. Oroitzen naiz bidearen haserakoz, atentzio hobez begiratu nion, nonbait. Geroago ta gutxiago kargutu izan diot gerora bideari. Hala gero ta gutxiago gogoratzen dut. Hala gaur arte. Badakit norantz zuzendu behar ditudan pausoak. Hala ere, egunero, orduoro egin beharko dut egin bidea. Dena gertatzen zaigu gehienetan, usterik gutxiena genuen arira. Bideko gorabeherak agertu edo gertatu oi diren neurritan une oro jartzen gaitute [sic] bideko jomuga galtzeko zoritan. "Atzeak erakutsiko digu aurrea nola erabili", ikasi genuen zaharrengandik. Gertatuen berri dakidalako kezkarazten nau geroak. Zalantza-une batetan bidetik aldentzeak gero eta garrantzi gehiago du ordea behin adin bat ez gero [sic]. Eta zalantza orduz sendaturik naizen segurantzarik ez dut bat ere. Hori bai, zehar meharka batzu gorabehera, badakit helburuari zintzo samar izan natzaiona eta honek lasaitzen nau neurri batetan. Baina kontuzago ibiltzera beharturik nago. Ezin naiteke jolasean ibili bidea jostailu bezala harturik. Oker une bati amor eman ondoren, zuzentzeko astirik ez banu ibiltzeko ordua amaitu egin delako? Baina hori ez dut kontu guztia. Nire kontua zintzotasun legetan datza. Zintzo izatera beharturik nago ez bakarrik neure buruaren aurrean, baizik besteren begitan ere bai. [I] Urteak inoren begitara bistaragotzen gaitute [sic], puntaragotzen eta ikusgarriago lagatzen edozein oker-unetan. Eta ikusten gaitutenen moralari kalte egiten diogu, bistarago eta kaltegarriago gera. Seriotasun hobe baten markutan ibiltzera beharturik nago. Jomugari fijoago begiratzera beharturik nago eta jolas gutxiagoz ibiltzera beharturik. Helburua gertuago somatuz.

Gaia 1: Biografia
Gaia 2: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: Zintzotasuna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa