Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ARAN^

Abenduaren ogeiko arratsalde ontan, neguko euriak animan eman didala, esango nuke.
Aita Nagusiak, Salbatore Mitxelena il dala esan digunean, bat-bateko ixil-une mardul bat sortu da; eta nik, kanpoan ari zan euriaren zarata entzun det, kanpoan entzun lenengo, ta, gero, animaren gaiñean eta barruan. [I]
Aita Salbatore, ezin genezake aaztu. Aita Salbatore geurekin bizi genuan: Arantzazu-rekin, Euskalerria-rekin eta geurekin. Geure zati ta geure arnasa bezela genuan geure.
Aita Salbatore, nik neuk ez nuan ezagutzen, noizik bein ikustez, iñoiz edo bein arekin itzen batzuek trukatzez eta aren "Arantzazu euskal-poema" irakurtzez baizik. [II] Baiña ementxe daramat, nun ez dakidala; bear bada, neu guztia betetzen nauala.
Arekin artu-eman aundiagorik ez nualako-edo, aspaldiko gizon bat bezela zan niretzat Aita Salbatore. [III] Betitik betira bizi zaizkidan gizon oietako bat bezela: Antonio Matxado bat bezela, Juan Ramon bat bezela, edo Leon-go Fr. Luis bat bezela. Gizonok beti bizi izan bai dira niretzako eta beti bizi izango bai ditut. Alaxe Aita Salbatore ere.
Mutiko nintzala, kantore bezela ezagutu nuan. Abots zoli ta kizkurreko tenor argi bat zan. Eslava-ren Salbea, eliza zaar eta ain polit artan kantatzen zuanekoa daukat gogoan. Ama Birjiñaren egunez, Obispu Jaunaren, Probintziko Agintariaren-eta aurrean "Al Cristo de la Olivera" kantatzen zuanekoa ere bai. Nola dardar egiten zuten gure jan-lekuko ormak, aren abotsera: ta nolako irriparra egiten zion Aita Arregi, beste ezin-aaztu arek! Gero, abots bat bezela, aaztu egin ote nuan? Kantua aidean desegiten dan bezela igaro ote zan niregandik Aita Mitxelena-ren oroimena?
Olite-n nengoala iritxi zitzaigun aren "Arantzazu euskal-poema". "La chopera" deitzen genion zelaiko makal-ondoen artean irakurri genuan. Nola biltzen giñan irakurlearen inguruan, begiz, belarriz eta agoz ere entzun naiean. Tafalla-rantz joaten giñanetan, berriz, poemako kantuak abestu egiten genituan, joanez.
Arrezkero, geurekin bat egin zan Aita Salbatore. Geure egin genuan, Tagore bat geure degun bezela. orduan biurtu zan niretzako betiko gizon. Gizaldiak mugatzen ez dituzten gizon oietako bat bezelakoa.
Gaur ezin genezake Arantzazu-taz itzik egin, Aita Mitxelena aipatu gabe.
Euskal-fede kantariaren irudia ere arek eman zigun. Uribarri-tik gora, Arrikruz-tik gora, Gesaltza-tik gora, Zapiarbe-tik gora datorren kaltzadako arrien itza entzuten ere arek erakutsi zidan: arrien itza, zigorren otsa, kantua, otoitza, ta, dena batera, entzuten. [IV]
Arek erakutsi zidan Arantzazu-ko Amaren arrizko irudian leenagoko aien debozio ta begiratuen markak ezagutzen, arek Arantzazu lur santu bat bezela ikusten, arek Arantzazu Euskalerriaren espiritu muña bezela ikusten eta maitatzen. Orain iru bat urte aitortu nion guzti ori: Aren "Arantzazu" Cidacos ibaiaren ertzeko makal-ondo lirain aien artean nola irakurtzen genuan eta abar. Nola Tafalla-ra bidean kantatzen genuan azaldu nionekoa esan nezake: begiak argiz, eta samurtasunez, eta pozez eta negarrez bete zitzaizkion. Gañerako aitorpena lurrera begira egin nion.
Aita Mitxelena gizon urduri bat zan. Ez luzea, ez-ta zabaletakoa ere: baiña betiko aize batek betiko txingar bati dirdaia ateratzen dion gizon bat zan: beroa, argia, alaia.
Iñoiz baiño geiagotan itz egin dit artaz Aita Villasante-k. Aren bizitasunaz, aren betiko egiteaz.
Autu oiek ezkeroz, batez ere, Arriona gelditu zitzaidan bazter agurgarri bat bezela egiña. [V]
Gure gerra-garai eta ondorengo urteetan, an biltzen omen ziran Aita Mitxelena ta aren lagunak. An irakurtzen eta an kantatzen omen zien arek, ordurako ontzen ari zan bere poema ta gaiñerako zenbait kantu ta olerki.
Gorde-leku bezela omen zuten Arriona-ko arkaitz-mutur baztertu eta argi aura. Gorde-leku ta animari lasapide labur bat emateko magal bat bezela ere bai
Beste zenbaitentzat bezela, ta arentzat, bear bada, gure geuretzat baiño gehiago, arkaitz gorria izan zan, alabearrezko magal. Arriona au, an gordetzen ziran Aita Mitxelena ta aren lagunegatik, leku maitagarri bat bezela izan det aspalditxotik; baiña gaurtik beneragarri ere ba-zait.
Urrengo mendi-aldian araxe bear be, eta an, arri bat aukeratu, eta arri artan, ezpaiñekin eta etengabeko musuz, aren izena ezarri, aren nire betiko oroimenerako.
Eta antxe geratuko da arri aura, eta antxe aren izena eta oroimena; eta gaur bezelako euriak, kanpoan bere zarata ateratzen duanean, arri aren gaiñean bere zarata ateratzen duanean, euri zarata arek Aita Mitxelaren oroia iratzarriko du nire barrenean, eta euriaren ari garbitan gora, aren anima ederra, jadanik, negurik eta negarrik ez dan goiko paraje zoramenezko artan bizi dan lekuraiño, aterako da.
Mitxelena adiskide: Goialde argi ortako festa betiko ortan ere, Salbe-ko bakar-abotsa kantatzen al dezu? Edo, zeuk kantatzen zenuan eta, zeruan zeuri kanta zezaizutela eskatzen zenuan "La Olivera", aragoitarren kantu ori, kantatzen ari ote zaizkizu oraindik? Kristo Santuari esaiozu, ni ere zerura deitzen nauan artan, neri ere "La Olivera" ori kanta dezaidatela. Baiña orduan, zeuk kantatu bearko dezu bakar-abotsa; alaxe eskatuko bai diot zeure ta neure Jaunari. Zaitu ba eztarri ori, ta, laister arte.

Gaia 1: Poeta
Gaia 2: Arantzazu
Azpi-gaia: Arantzazu: Euskal kultura
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa