Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ARAN^

I

Maiatzaren azkenerako, bai. Inazio eta Rejino, [I] Urbixako monagilluak han etorri zitzaizkidan, Aitta Lasari Urbixan omenaldi bat egittia ona izango zala esanez. Baietz, nik. Baina noiz eta zein tankeratako omenaldixa pentsaitten eben ba? Ba sentzillua, gauza sentzillo bat, eta San Iņaxio egunian izan zittekeela. Oroigarritxo bat ifini, plakatxo bat edo, eta hola. Beno, eta horretan giņen, Jose Maria Leturia jauna programa inprimatu eta guzti agertu zitzaigun arte. Orduan aldatu egin behar izan genituen gure planak. Dana pentsatuta zekarren Leturia Jaunak: San Iņazio egunez Partzonerixak bere jaixa egitten ebela eta, ez dakit zer endredo ebitaittearren, uztailaren 18an egittia zala egokixena eta berak programioi egindda ekarrela. Komentuko porterixan euki geben billeria, eta han konformau giņen Leturia Jaunaren eritxixarekin.

Eta aillegau zan eguna. Laņua eta xirimixa zittal goiz guztixan zehar. Baina jentia baetorren, enterau ziran guztixak han ziran Urbixarako maldetan gora. Jo ziran kanpaiak, bota zittuen txapliguak eta hasi zan mezia. Ermitta barrua dana jendez gainezka eta kanpuan asko. Mezia, Urbixako betiko estilora. Kantua hasieran, kantua erruki-jaunan eta hola. Sermoia bi zatittan: bata Jainkoaren Hitzaren iruzkina eta bestia Jose Iņazio Lasa. ebanjelixo gizonaren testigantza. [II] Jendia adi, adi barruan eta kanpuan, Felix Arregik ifiņittako megafoniari esker. Eta "Ogia eta ardoa" eta "Santu-santua" eta "Jaungoikoaren Bildotsa" kantuak. Oņatitik errefortzua etorri zan kanturako, baina jentia zan hango inddarra. Kanpo eta barru, hirurehun pertsona bai. Giro beruan ospatu zan mezia, eta giro beruan meza ondoko galtzairuzko plakaren eta Aitta Lasaren erretratuaren eurkezpena. Gero "luncha", Urbixako artzain, Enara mendizale taldeko kide, Partzonerixako ordezkari eta omenaldira gonbidatutako beste mendizale elkartekuentzako. Han ziran Aitta Lasaren bi anaixa, illoba eta billoba andana bat eta Aitta Lasaren lagun eta ezagun asko eta oņatiar pilla ederra. Danok gustora, egin zan guztixaz.

Jose Iņazio Lasa.
bihotz handia zuena,
gizon aditua eta
oparo aritu zena,
atseginez oroitzen du
Urbiak haren izena.

Maite genuen Urbian,
mendizale eta artzainok,
igande eta jai ermitan
haren mezetan ginenok,
ta irripartsu on egiten
ezagutu genuenok.

1993-VII-18

II

18an egin zitzaionaz gainera, hor non datozkidan Partzoneriakoak, Aita Lasari San Iņazio egunez omenaldia egin nahi ziotelaka. Poztu egin nintzen. Haiek ere oroigarri bat nahi zuten jarri Aita Lasaren omenez. Harriz eta zurez egindako lan bat omen zen, nahikoa handia. Ahal baldin bazuten, San Iņazio eguna baino lehen ekar zezatela, nik. Eta hala, San Iņazio bezperan jasoko zutela. Mutilak! Han agertu ziren patrol eta erremolke, ia metro eta erdiko bulto handi bat zekartela, zortzi bat gizon. Kontu handiz jaitsi zuten, eta kontuz eta lanez ermitaratu, zekarkiten bolumen hura, aldare ondoan utzi zuten lurrean; han kendu zizkioten estalkiak eta han agertu zen monumentua. Oroigarri hau, berrehun kilotik gora dituen harri gozozko kubo batek eta haren gainean zuztarrez gora itsatsirik jarritako haritz-orpo dezenteko batek osatzen dute. Harriak du oroigarri inskripzioa. Aldarearen ezker aldean, abako edo harrizko mahaitxoaren gainean jartzea erabaki genuen. Artelanaren egile den Javier Arrietak berak zuzendu zuen kokatze operazioa. Estalki batez tapatu genuen hurrengo egunerarte.

San Iņazio eguna da, eta Partzoneriak bere jaia ospatzen duen eguna. Goiz lainotsua gorabehera jendea eurrez hurbildu zen Urbiara. Ermita eta ermitaurrea jendez beterik zegoen meza bitartean. Partzoneriak egokitu zuen megafonia. Urtero bezala bertsolariak izan genituen meza horretan, eta betiko kantoreak eta kantuak eta San Iņazioren martxa. Bai hitzaldian eta bai bertsolarien saioan, egin zen Aita Lasaren gogorapen eta gorapenik. Oroigarriaren aurkezpena elizkizunaren azkenean egin genuen. Han ikusi zuen jendeak harri gainean erre gabe erretzen ari den haritz zuztarra. Aita Lasaren bihotz gartsuaren oroigarri.

Gaia 1: Laguna
Gaia 2: Arantzazu
Azpi-gaia: Arantzazu: Fraideak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa