Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ARAN^

Otsailaren 13an utzi zuen gorpua Pelayren bizitzak, askatasun betean sartzeko. [I] Pelayren bizitza askatasun erabatekoan da orduz gero, lotura gabeko izate besterik gabean. Nik Arantzazun sumatu nuen, haren hilberria jakin nuenerako. Bazuen Arantzazurako joera Pelayk eta ez txikia. "Urtean 3 egonaldi egiten zituen Pelayk Arantzazun" gogoratu dit Migel Goibentakoak [sic, Goikobentakoak]. "Ekainean egiten zuen egonaldietako bat, Donostiako Aste Nagusian beste bat eta irailean hirugarrena". "Hemen, Artetxerekin ere gogoraketan dot nik Pelay, Elosegirekin be bai, Baserrirekin eta", gaineratu du Goikobentako Mariak. Nik, Felisa Milikuakoak aipatu dizkidan Eugenio, Rikardo, Luis eta beste bat edo bi lagunekin gogoratzen dut. Milikuan egoten ziren ostatuz. Gosaldu baino lehen, 8etako mezara etortzen zen Pelay egunero. Ondoren Milikuara gosaltzera. Han, jangelan, elkartzen ziren Migel eta bere lagunak. Han gertatzen nintzen ni ere batzuetan. Bezperako mus partida izaten zuten lehenengo hizpidea, muslarien ohiko arrandikeriaz irabazleek eta galdumin aitzakiatsuz galtzaileek. Eztabaidatzaile gogorra zen Pelay. Gero, gosaltzen zuten bitartean, irratiz batak eta besteak entzundakoaz aritzen ziren edo bezperako gertakariren bat iruzkintzen, eta halako batean, jaiki eta eguraldi ona bazen, Urbiara gehienetan, mutikorik alaienak baino alaiago, galtzerdi eta bota zeinek baino zeinek inbidiagarriagoz eta mendizale planta handian denak ere. Entzutez dakit Urbiako fondan arrautza parea eta txorizoa jaten zituela, sagardo freskoa sarri dastatuz. Eraldaturik eta zoriontsu itzultzen ziren. Aldatu eta, garbi eta dotore, Goikobentara txakolinaren txispekin pozari distira ematera. Otordu guztiak Milikuan egiten zituzten. Plater bakoitzaren ondoren, eta zena zela, Pelayk ez zuen inoiz laudorioa besterik, "dana abonaitten eben" dio Felisak. Bazkal osteko biaoa egunero eta luze samar egiteko ohitura zuen. Ondoren ibilalditxo bat Santutegi, Seminario, Kurtzipizio inguruetan eta Goikobentara, "txokolatea eta gurinez igurtzitako ogi errea meriendaitten ebein beti", dio Mariak. Ondoren Milikuako bere gelan sartzen zen Pelay irakurtzera edo idaztera. "Koartoan be ordena haundiko gizona zan. Papertxo bat be ez zan inoiz ikusten lurrean haren gelan", esaten du Felisak. Bederatzietan afaria eta afal ostean musaldia. "Latz jokaketan ebein. Oheratzen ginanian han isten gittuen jangelan", esan dit Felisak. Eta 15-20 urtean honelatsu. Pelayri buruz hemengo ostatuetan entzun ditudan adjetiboak denetan ere berdintsuak dira: "gizon ona, jatorra gizona, gizon txukuna, baina denean gero txukuna, janzkeran, tratuan, denean; edukazio handikoa". Azken 7-8 urteotan ez da etorri bisitan ez bada. "Elkarrizketa mamitsuak eukitten geben harekin", dio Migelek. Basilikako frontisa ikusten dudanean, haren ostean, han ikusten dut Pelay, bere lagun Artetxe ohoragarriarekin batera, Oteizari behin eta berriz ekinez, Arantzazun, karretera ertzean, Azkartzako betelanean pilaturiko apostolu erdilanduak amaitu eta zegokien lekuan behin eta betiko jar zitzan eskatuz. Aita Jose Goitia (GB) gogoangarriak ere esango luke zerbait Oteiza Arantzazuratze arazoan Artetxek eta Pelayk egin zuten ahaleginaz. [II]Pelayk beti zuen esankizun harrogarri gai honetan berak egin zuen lana. Ostera* asko egin zituen Pelayk Oteizaren tailerrera ere. Buztiña lantzera joaten zen hara beste asko bezala. Behatz luze eta meharrez buztin puskari burubelarri ekinez oroitzen dut, baita burututako lantxoak, ume baten xalotasunez, maisuari erakusten ere. Harro zeukan Donostiako bere bulegoan Arantzazun landu zituen figura horietako bat. Baina Oteizaren tailerrean ez zen buztina bakarrik lantzen, pintura, musika, literatura, kirola, mitologia, zer ez zen jorratzen Oteizaren tailerrean? Perurena txirrindulariari erretratoa egin zion buztinez Jorgek. Aita Donostia tailerreko figura eta hizpide zen. Barojaz hitz egiten zigun Pelayk eta Jorge haren irudia lantzeagotzen saiatzen zen. Blas de Oterok ia hilabete osoan bisitatu gintuen tailerrean. San Inazioren izateari alde askotatik begiratzen ziotela ikusi nuen, Euskalerria ere solaspide genuen, eta euskara eta Euskalerrian indarra hartzen eta gauzatzen zetorren mugimendu politiko eta artistikoak ere bai. Oteizak sua hartzen zuen gai hauetan pittin bat sartzen zenean, espantu gutxiagokoa zen Migel, baketsuagoa, baina barru barruan kitzikatzen zuen horratik haren egoera eta gatazkak. Batzuek Zurriola hiribidean, bere etxeko langelan aurkituko dute Pelay, Urgullen mezalaguntzen, (azkenaldian kaputxinoetan, jesuitetan edo San Inazion), hain maite zuen Okendo resaurantean aurkituko dute beste batzuek. Askok "Gran País, difícil País", "La Encrucijada" eta beste 30 edo gehiago liburutan idoroko dute. Bakoitzak non ikusi edo tratatu izan duen, han. Nik, iadanik aspaldi ez den Seminario zaharreko Oteizaren tailerrean ikusten dut, Arantzazuko Basilikan eguneroko mezan murgil edo Andre Mariaren irudiari adi, Urbiako bidean, Belargainen artzainen batekin hizketan, Erbiskungo [III] haritzak luzaro, harriduraz eta pozik ikusten, (haritzok handik urtebetera bota zituzten), Milikuan ikusten dut Luisekin, Eugeniorekin, Rikardorekin eztabaidan, Goikobentan Artetxerekin, Elosegirekin, Oteizarekin edo etxekoekin "elkarrizketa mamitsuan", Basilikako frontis izugarri, kezkagarri eta hunkigarriari begira sakon eta luzez begira.

Gaia 1: Laguna
Gaia 2: Arantzazu
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa