Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

— Gure eskola-garaiko euskara giroz.
Aldi bakotxak bere aldartea du eta bere haizea.
Euskeraren kontrako bizigiro nonahikoaren barruan gertatu zen gure zortzi urtez gorako denbora.
— Gure euskara zertan zen.
Giro hortan euskara galdu egin ez bagenu [sic] ere, baztertu egin genuen. Bazterraren ilunpetan (landarak ohi diren bezala) zurbildu, makaldu eta ahanz-kortasunaren hautsez hondatu zitzaigun. Hau hala da.
—Baina gugan ez zen euskararik hil.
Gure kasuan, Arantzazuko fraideon kasuan, beste zenbait lekutako bizimodutan izan ez den bezalako inguru bat izan dugu euskararekiko: Jai-eguneroko eliz-hitzaldiak eta hirugarren kurtsoz gero ezagutu genuen asteroko euskara-ordua izan genuen behinepehin. Sasoa hartan nork ematen zuen gehiago euskararen alde?
— Zertan jartzen dudan Arantzazuko euskara giro hori.
Arantzazuren euskaldun izateari Herriak eutsi dio. Jaiero hona igo den euskaldun erromesak. Euskaldun-jende horri euskaraz egin beharrak. Frantziskotarra —Asisko Frantziskoz gero— bokazioz da herriko jende lau eta arruntaren lagun urbil. Hau ere kontuan erabiltzekoa da.
Frantziskotar Ordena jende arrunt eta lauarentzako zabalik egon da. Atzo ez ezik gaur, jende langile eta egunero nekatzen denaren semeen taldeak osatzen du gure konbentuetako anaidi bakoitza.
— Gure euskaltasunarentzat frantziskotarren ordena zer izan den.
Frantziskotar Ordenari eskerrak ikasi ahal izan dugu makina bat euskaldunek, beste inon ikasi ezingo genuena. Txiroen semeok beste non ahal izango genuen ikasterik [sic] egin?
— Niretzat hala gertatu da.
Nik neuk zorion handitzat dut Ordena hontan sartu izana. Ez dut uste, jendeari laguntzeko frailetzan dudan halako aukerarik beste inolako bizimodutan izango nuenik.
— Ordenak berak eutsi nau herriaren ondoan.
Hau aitortu beharreko errealitatea da: Frantziskotar Ordenak herriarengandik gertu izan duela bihotza, eta herriaren alde lan egin nahi izan duenari ez diola hortarako eragozpenik jarri. Zerrenda oso luze bat osa daiteke euskaldunari euskaraz hitz egin eta euskaraz idatzi dion frantziskotarren izenez. Gaurregun berton JAKIN-taldea aipatzea bera nahikoa da gure Ordena euskaltasunaren barruan zenbat indarrez ari den agertzeko.
— Gure artean ere ez da dena euskara horratik.
Euskaltasunaren gainean, barruan ere ez esatearren, nonahiko laino eta gandu dago. Eta laino eta gandu hori geure artean ere bada. Ezin gindezke libratu inguruan nagusi den erdal-girotatik [sic]. Baina zerua garbituz doala esango nuke. Bitartean giroaren errurik ordea, ezin diot ezarri giro horren pean bizi denari.
— Ez diot inori errurik bota nahi.
Ezin gindezke inori erruak botatzen bizi, ez eta historiari, gertakizunei eta abarri erruak egozten. Hau jokabide lotsagarri bat da. Umeen eta jende makalaren jokabidea. Hala [sic] inork egin behar ote digu beti dena? Hala [sic] jende gauzaez eta kikil talde bat baino ez ote gara? Ordua da jadanik gizon azaldu gaitezen, isilik eta seguru lan egiten has gaitezen.
— Euskaldunon segurutasunik eza.
Niri iruditzen zaidana zera da: Asko eta asko ez gaudela batere seguru euskaltasunaren balioz [sic]. Eta hauxe ez aitortzearren jotzen dugula hainbeste erosta-jotze egitera, geure buruok hain mariti aitortzera eta azkenean erruak beti inori botatzera.
-Guztiok errundun.
Bai, behin esateko, gutariko bakoitzak ez al du erru pertsonalik salatzen dugun giro txar horren barruan? Hau pentsatuko bagenu, eta bakoitza bere erresponsabilitatez jabetuko bagina, beste kuku batek joko luke gure herri-giroan. Udaberri bateko kukuak seguru.
— Beste errudunik ez denik ez diot gero.
Euskaldunokin gertatu denaren errurik euskaldunoz kanpo beste inork ez duenik ez diot. Ez diot euskararen atzoko eta egungo egoera zauritu eta zatituaren errurik beste inork ez duenik. Nola ez errurik, euskara behin eta berriro eskolatik uxatzen duenak, prentsatik, radiotik, telebistatik, gizarteko harremanetatik? Nola ez errurik karitatearen izenean, edukazioaren izenean, univertsaltasunaren [sic] izenean euskara euskaldunen ahotan eta bihotzetan hiltzen dihardutenek? Nola ez errurik herri bizitzaren zain guztiak eta bakoitza ihartzen ari direnek, Herria eta herriko lurra zatitzen eta euskal ikaskuntza sakabanatzen dihardutenek?"
— Inork errurik ez zuelakoan denok errundun?
Ez. Neurri gabeko esker onik zor diogunik ere bada, eta Herria bera batik bat. Herriak (geldo* lodi ta handiaren azpiko txingar biziak) eutsi dio euskarari eta euskaltasunari. Herriak behartu eta bultzatu gaitu, beste eginkizun askotara bezala, euskaraz egitera, euskara ikastera eta lantzera, egin ahaleko ahaleginez behartu ere gainera. Eta Herriaren eskariari erantzun dion orori ere eskerrak

Gaia 1: Euskara
Gaia 2: EHerria
Azpi-gaia: Euskara: Erruak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa