Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

JON^
Hitzaurre gisa

Pozik. Beti nau poztutzen poesiarekin aurkitzeak. Jon Enbeitak landu dituen poemekin aurkitu naiz gaur. Gustora ditut irakurri. Eta ez naiz batere lotsa antologia gisan eratu duen bildumatxo hau zuri aurkezten. Ez da haize handiko. Ez da haize berri edo ez ezaguneko. Herriko eta Urriko haize epel eta maitagarriaren bilada gozo da. Leiho ertzetan, balkoietan zintzilik bipergorri xortak ipintzen dituen paraje hartatik datorkigu: Muxikatik. Poemak hementxe dituzu jaiotze urte eta guzti. Baina nor duzu Jon? Lehenengo eta behin Enbeitatarra dugu. Nork ez du Enbeitatarren entzuterik? Nork ez daki Bizkaiko bertsolaritzan dinastia argi eta indartsu direnik Enbeitatarrak?
1.950ean jaioa dugu Jon. Euskaltasunaren beroa gartsuki beti bizi izan duen Ormaetxen jaioa. Orain Gernikan bizi da. Hara egin diot ostera. Txapel, kopa, plaka eta beste trofeoki zenbait ageri dituen egongelara eraman nau eta han hasi zait:

—Hiru urtegaz aitak eginiko Jesusen Bizitza izeneko antzerki batean artzain jantzita kantatzen nuen. Zortzi urtegaz aitak Aritzan sortu zuen "Garriko" bertsolari eskolan bertsoak idatzi eta kantatzen hasi nintzen. Bederatzi urtegaz plazaratu nintzen bertsoak kantatzera. Ordutik eta hamabi urtera arte plazarik plaza ibili nintzen, aitaren gidaritzapean eta, gehienetan, Ireneo Ajuria (ni baino hiru urte zaharragoa) lagun nuela. Hamaika urtegaz Bilbon Bizkaiko bertsolari gazteen txapeldun egin ninduten. Kontrariorik ere ez zen, egia esan. Hamairu urtegaz Arantzazuko Seminariora joan nintzaizuen.

—Noiz heldu zenion poesia egiteari?

—Heldu edo hasi, olerkiak idazten hamasei urtegaz hasi nintzen. Hamazazpi urte nituela, Foruko kolejioan, neukan guztia, liburu, koaderno, jantzi.... dena erre zitzaidan. Euren artean neure bertso eta lehenengo olerkiak.

—Haatik orduan hemengo antologia honetan hemezortzi urtez geroko olerkiak.

-Bai. Sasoi horretan lehenengo bertsoak idatzi nituen. Gero, eta nobiziaduaren azken aldera, olerkiak, metrika barruan. Ondoren, hemeretzi-hogei urtetan olerki askeak egin nituen. Bide berrien bila abiatu nintzen. Ordukoak ditut lehenengo abestiak ere. Urte horretan bertan alde nintzen konbentutik.

—Eta gero?

—Hogei urtetik gora sei urtez ibili nintzen, gitarra besapean, abeslari. Olerki laburrak idatzi nituen garai horretan, flash erara. Hogeita bost urtegaz berriz hasi nintzen bertsotan. Urte berean, 1.975ean, Mallabian Bizkaiko bertsolari gazteen txapeldun izendatu ninduten. Ordutik aurrera beste sari batzu, "Orixe" e. a. izan ditut.

—Noiz osatu zenuen antologia hau?

—Liburu hau orain dela bi urte ateratzeko gertaturikoa da. Berandu dator. Azkeneko olerkia ordukoa da, bat izan ezik, "Bla, bla, bla" delakoa.

— Zer diozu zure poesiagintzari buruz?

—Lehen olerki luzeagoak egiten nituela, asti gehiago, lasaitasun gehiago nuelako. Orain berriz dena ardura, arineketa, konpromisoa, stress... eta. olerkiak ere golpekoak, laburrak, flash gisara egin behar izaten ditudala.

—Baina zure azkeneko olerkiok flash hutsa ezin [sic, ezik?] lan handia ageri dute hitzezko nahiz esaldizko dibujo hoietan. Astiaren aitzakia hutsa ote da horretara behartu zaituena?

—Ha, nolabait esateko, lehen olerki laburrik ez nuen egiten. Lehengoak, ideien aldetik, kreazinoko lan gehiago dute, ideia gehiago dago olerki bakoitzean, etorriari itxoite eta erantzute gehiago. Oraingoetan, ostera, kaptazinoa momentukoa dela, esan nahi dizut. Batbaterako burutazino bat dela. Oraingoek ordenazinoko lan gehiago dute, bistarako egokitze-lan gehiago, sarrritan erraza eta laburra ez den lana, egia esan.

Jonek baditu hiru diska ere. Bata txikia bere abestiz osatua, eta beste biak handiak, bere aitarekin batera, Kepa Enbeita zenaren bertsoz osatuak.

Bizkaiko Aurrezki Kutxan egiten du lan egunero. Hango arazoz kanpo badarabil beste zereginik. Bertsolari denez leku askotatatik deitzen diote edozein jai edo gertakizun dela bide. Astero bertsolari eskola batetan biltzen da beste zenbait bertsolarirekin. Oraintxe arte ibili da ikasketak egiten: Banka, e.a. Goizetan lan eta arratsaldetan ikasi. Horrek eraman dio astirik gehien.
Bitartean bertsolaritzaz hitzegin behar dela hemen, jai egitarauak prestatu behar direla han, zenbait erdal lantxoren itzulpenak egin behar direla, abesti berriak sortzea dela, inorentzako letrak idaztea dela, eta batez ere abesti zaharrak biltzea dela -horretan ari baita azken urteotan-, mila arazo, eta mila arazo hauen erdian, poesiaren naita nahiezko dei sakonari erantzun bebarra: utzi ezineko beharra. Behar horren ageri duzu liburutxo polit eta interesgarri hau.

Bitoriano Gandiaga

Gaia 1: Laguna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa