Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Denbora galtzen ikasi behar dudala esan dit psikiatrak. Bego eta bedi. Zenbait ardura eta arazori hor konpon esaten ikasi behar dudala ere esan dit, ondo ulertu baldin badiot. Ez dago batere gaizki esana, alferriko samarra izateaz aparte. Nahikoa barregarri erabili nau psikiatrak, erabili edo utzi, askoz ederrago ez dena. Bere ofizioak eskubidetzen du horretara, seguru, edo haren eskutan jartzen denaren gizajotasunak demaio horretarako bidea. Badaiteke. Ezinbestez pailaso izatearen errua edo failoa ere ordainkizun dugu nonbait. Tira ba, eta horra, azaldu dizkiodanen ondoren egin didan karikatura. Zeure nagusien kuttuna zara zu, hala izan behar duzu nahitaez. Begi-belarriz bizi zara erregelamenduen xehapen bakoitzera, zure nagusiek konfiantza guztia dute zuregan, denean zara zintzo eta aurretiaz dakite agintzen dizuten guztia ondo baino hobeto egiten saiatuko zarena. Edozein fabrikaburuk ere bere konfiantza guztiko zintuzke, ardura handiko -edozer arazoren kargua emango lizuke, eta zu han arituko zinateke eginkizunen martxa ondo eta hobeto eraman beharrez lehertzen. Mila torloju baldin badira egin beharrekoak, ehun gehiago aterako zenituzke, badaezpada ere, bai bait liteke mila horietan oker edo akastunen bat.
Eskolako programak kurtsoa bukatu baino askoz lehenago sar eraziko dizkiezu mutikoei. Letra txikian datorrena bera ere. Eta horrela ihardungo duzu estu eta estugarri. Baina nagusiek ondo begiratuko zaituzte eta horien begi oneko izango zara beti eta beti. Horrelatsuko burlak egin zizkidan. Jaunak barka diezaiola.
Ederki, psikiatra jauna. Arrazoi-faltarik ez duzu, baina horrenbestean jendea lotsarazteko arrazoibiderik ere ez.
Gauzak lasaiago hartu behar ditudala zuk esatea, ez dut nahikoa, ordea. Nire estu-izate hori da zuk sendatu behar duzuna, eta horretan duzu giltza eta gakoa. Jaio egiten ote gara estu, ala hezkuntzak bihurtzen ote gaitu horrelako? Galdera hau orain otu zait, eta biak daitezkeela dirudit. Baina hezkuntzak baduke bere eragina eta agian bera da gure izate-modua erabakitzen duena. Egia esan gramatika eta beste irakatsi badut ere, ni neu ez nauzu izan inongo patxada egokiren maisu. Zabarkeriaren etsai izan nauzu eta fantasma hori ingurutatik uxatzen zakurra izan naiz. Bego hori hor eta natorren neure haurtzaroan inguratu ninduen giroari begiratu bat ematera. Bizibeharrak ondo zaildutako jendearen artean iratzarri nintzen. Inondik inora eta inoiz geldi ez zegoen jendearen erdian.
Lanak, eginbeharrak, arazoak betiko menpetasunean zerabiltzan gizon eta emakumeen tartean. Dena zuten haiek morrontza. Obligazioa zuten lanaren jaun, erlijioaren jaun, ohitura eta usadioen jaun. Eta txikitatik ikasi behar izan genuen, ahal genuen neurrian, berak zanpatzen zituen zeregin etengabekoetan laguntzaile izaten. Jolasa. olgeta, denbora iturrira bidean, dotrinara edo eskolara bidean galtzea erru bezala ikusten irakatsi ziguten. Behiak zaindu behar genituen larrean, itaurrean egin behar genuen, eskolatik bukatzen zenerako zuzen eta bizkor etxeratu behar genuen, goiz jaiki ohetik, mezatara garaiz eta eskolara berandu ailega ez gintezen. Iluntzerako egurrak pilatuta eduki behar genituen sutondoan, labeko sutarako inarra eta ote garraiatu behar genuen, eta nik, nagusiena nintzenez, sei urtetarako neure anai-arreben ardura eduki behar nuen. Gurasoak soroetara, basora edo aldentzen zirenean, txikiagoen gorabehera guztiaren ardura ematen zidaten, ez daitezela sarde edo segaz zauri, ez daitezela etxaburuko putzura hurbil, ipurdiak garbitu behar nizkien eta soinekoak aldatu ere bai, soineko lohiak beratzen jarri behar nituen, oiloei halako ordutan artoa edo garia bota, ortura sar ez zitezen zaindu, iluntzean taloa eta esnea eman txikiei, eta ohera eraman, taloak berriz neuk egin behar izaten nituen, gurasoak elizara edo beste nonbaitea joaten zirenean etxe guztia nire ardurapean zen gelditzen, korta bete ganadu handi ere bai. Txerriarentzako osala* prestatu, askara eraman, haren azpiak atera, sastegira eraman, eta abar eta abar, nire ardurapean gelditzen ziren sarri baino sarriagotan, eta arazoak* zintzo behar nituen egin.
Zintzotasuna izan genuen gure helburu eta bizimodu, ez bakarrik baserrian, ikastetxera etorri nintzenean ere bai. Eta ikasteak gogor egiten zitzaizkidanez, zail esan nahi dut, are eta zintzoago behar nuen ihardun. Zintzotasuna izan dut bizitzako gorenkien aipatzen entzun izan dudan bertutea. Eta zintzotasun horren desglosea lana zen, denbora alferrik ez galtzea zen, zerbait probetxuzkotan etengabe aritzea zen.
Eta non dut ikusten, jaio ere estu jaio ez banintz, gauzak lasaiago har nintzakeela, nere lagunak gibel lasaiagokoak bait ditut nere aldean behintzat. Dena den, estura izan dut bizitzako pauta. Eta hemen nago orain kitarra hariak etendako baten gisa. psikiatra jaunaren aurrean, denbora galtzen ikasi behar dudala, eskandalu pixka batez entzuten. Arrazoiaren itxurarik badu kontseilu horrek. Izan ere, zertarako behar dut ba bizi betiko tira ezer asko lortzen ez duen horretan? Nere ardurak gorabehera, zer dut ba lortzen egunaren eta urteen buruan? Bizitzako dohain nagusi den bizitza bera, bizitzaren berezko poza, bizitzaren ditxa dastatzeko astirik gabe bizitzeak, ba al du zorioneko zintzo izatearen eta izan beharraren gustozko konpentsaziorik? Inoiz irratiz edo, halako mutikori zorion emanez "txintxo" izateko kontseilua aditzen dudanean, tristura halako bat dut nabari ohi. Txintxo izate hori agindu, ohitura, usadio, inoren komodidade edo erosotasunkeriaren morrontzapean bizitzeko inbitazio, dei eta kontseilu bezala aditu ohi dut. Nik ez dakit zer behar litzaiekeen haurrei opa, baina ez genituzke alferrik kezkatuko dituen ezertara erakarri behar, bizipozaren poza saltari ospa dezaten lasaitasunera baino.
Nik badakit bizitza aurrera atera beharraren maisu gogorraren eskolan lana estu hartzen ikasi beharra izan dutena gure aurrekoek. Eta konprenitzen dut bide horretatik irten ahal izan direla erosotasun pixka bat lortzera. Kako artean jarriko nukeen beste hitz bat «erosotasuna» da, komodidadea eta konforta bere sabeleko seme lotu dituen hitz hori.
Zintzotasuna bizitzaren katea eta lasaitasun egoki baten gerriko estu bihurtu dugun bezala, «erosotasuna» ez al dugu gaurko gure soseguaren odol freskoa xurgatzen duen lilurazko erakargailu maltzurra? Denbora galtzen ikasi behar dudan onu* horren pean, bizitzaren goxapen sinpleari leku gehiago eman behar diodan zentzu-antza hartzen diodanez, kontsumismoaren kreatura den konforta bilatzen nekatzeari ere tirania anker baten susmoa diot hartzen. Ezin dut ulertu eta egosi oraindik denbora galdu behar dudan horren ideia. Are gutxiago praktikara eraman, baina arazoekiko estura larregiaren kontrako zentzua baldin badu, zintzotasun estuegia ezezik bizitza lasai bizitzeko alferriko diren kontsumokeriaren mila eskainkizun lortzen saiatzeari ere utzi egin behar ote diogun nago. Egokitasun-itxura bat eman diezadakeen garraio-gutiziari ere utzi behar ote diodan. Eta propagandak eskaintzen dizkigun kimerei eta konpetentzi afana erakutsi diguten dotrinei eta nolabait alferrik estutu gaitzaketen helburu guztiei bizkarra emanez, bizitza bizitze soilari begiratu behar diodala eta irakatsi ere bizitza ihardunean-ihardunean, baina inongo eta ezelango zapaltzailek menperatuko ez duen modutan ahalik eta lasaien bizitzen irakatsi behar dudala.
Eta lasaitasuna lortzeko erremedio gisa pastila-mordo bat agindu zidala psikiatrak esatea ahaztu zait, denbora galtzen ohitu ahal nadintzat edo.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Bizitza: Zintzotasuna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa