Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

«Patxada gehiago banu, gauzei buruzko beste ikuskera bat nuke seguru», esan zuen.
Baina ezin zuen patxada-saioa egiteko astirik hartu, Ez dut inoiz halakoaren jokabidea justifikatu nahi izan.
Azala zuen hark minbera burutik oinetara eta inguru-giroak zuen erremintzen, jadanik egon behar zuen oraindik egin gabe zegoenak, gertakariek pozoitu haizeak eta zuten kanpotik barrura urduritzen.
Hala ere gauza zen patxada-giroa nolakoa izan zitekeen imajinatzeko, gauza zen patxada-giroa beretzat opa izateko ere eta gauza zen patxada-giroak eman ziezaiokeen errealitatearen beste era bateko eitea nabaritzeko.
Sentiberatasun gehiegizko azalak inguratzen zuen. Gauzak ongi egitearen nahitaezko eskabideak bizi zuen, bere gustoaren hariko nahi zuen errealitatea, gizakien portamodua, gertakarien jazoera.
Ez zen itsua eta ikusten zituen hurkoen begiak eta bazekien begi-pare bakoitzak bere argitara ikusten eta erizten zuela, hurko bakoitzak bere begiz baloratzen zuela eta bere gibelaren tamainari zegokionez, berak bere ikuspuntu hain pertsonaletatik zekusana. Errealitatearen, giza portamenduen, gertakarien jazoeraren estimu eta balorapena oso erlatiboak gerta daitezkeena ere bazekien segun eta zein aldetatik begiratzen zaien.
Baina azala zuen hark minbera, erreflexio guztien indarrak ezin gogortu zuena eta beti zebilen kontentagaitz eta ernegu.
Justu zen eta injustu. Justu zen bere eritzi pertsonalei zerraikien heinean, injustu besteen ikuspuntuak aintzatago hartzen ez zituen neurrian, denborari bere epea ukatzen zion neurrian, goizetik gauerako gauzen egokitasuna lorturik gura zuenez gero. Beharbada horregatik zen bakardade-zale, isiltasun-zale, uxati eta hitz-urri.
Eta ertzetik ari zen. Handik nahi zuen errealitatea aldatu, handik giza portamendua, handik gertakarien beste erabateko jazoera. Eta bazirudion handik eta hala egin zezakeela zerbait, sufrierazten zion mundua gozarazteko.
Horregatik edo idatzi zuen halako batean honako hau:
«Ez nauzu lagunarteko,
ez nauzu berritsu ere.
Bakardadeak, isiltasunak
egin naroe libere».

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia perts.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa