Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Hementxe bakar-solaska.
Zergatik? Ba, neure buruarekin hitz egitea ere atsegin zaidalako.
ĢEreģ psikologoengatik jarri dut. Haiek izango dute beste arrazoi sakonagorik. Bakarrik nagoenetan eta horretarako astiunerik dudanetan gustora aritzen naiz bakar-solaska. Otuten zaizkidan gauzak idazten ditut orduan. Buruan eta barruan ditudanez aritzen naiz orduan eta entzule dudan neure buru honek nahikoa gustora entzuten dizkit desaizkiodanak eta bitartean asaskatu*[I] egiten naiz ni. Ez da gutxi.
Batzuetan, gehienetan ez esatearren, kezkatu ere egiten nau astiuneak honela pasatzeak. Denbora galtzea dela deritzat, zerbait probetxuzkoagotan behar nukeela aritu eta abar. Kezka hori gero izan ohi dut, ihardun eta gero, baina bitartean lasai aritu ohi naiz. Nire buru honek badu gogorik bere buruarekin hitz egiteko. Adi-adi egon ohi zaio buruak dioenari, eta elkarrekin hitz eginez, elkarren ezagupen hobera etorri ohi direla iruditzen zait. Nori besteri hitz egin argiago, nori besteri agertu hobeto, egiazkiago eta gordinago neure pentsamendu, asmo eta gurari?
Nik badakit nork bere burua engainatzeko ere zein gauza garen. Eta nork daki behin baino gehiagotan engainatu ere egin ez dugun? Bada gure baitan geure buruaren aurrean lotsarazten gaituen ahalkegarririk, eta guk geuk ohartu gabe, ezjakinarena egin diogu edo geure buruaren begiei estali egin diegu edo kare faltsu merkeegi batez zuritzen ere ihardun izan gara, beharbada. Ohartu gabe esan dut, ohartuz ere egin bait genezake beste horrenbeste. Baina hori ez dut oraingo arazo. Horrelako hori horrelako zerbaitetan ari naizenean deskribatzeko fenomenoa nuke. Orain neure buruarekin bakarrean iharduteko izaten dudan gogoaz ari naiz, neure buruari entzuteko ohi dudan gustoaz -psikologoez oroitzen naiz berriro, udako euli beltz handi eta burrunbari bainitu, esku-oihalaz uxatu ohi ditut gela-ingurutik-, eta neure buruarekin hitzaspertutan aritzeak eman ohi didan asaskapenez. Barruak eragin ahala mintzatu ohi natzaio neure buru honi, boligrafo diskretua lagun. Baina hona hemen paperaz ere non oroitzen naizen. Papera bai banukeela salatari. Baina paperak ere isilik beharko du, nahiz eta honetaz oso lasai geratzen ez naizen. Bakarkako asaskaldiak ditudala jakin behar du paperak ere eta isilpekoak isilpean gordetzen geu lauron arteko sekretu denez, neure, neure buruaren, boligrafoaren eta bere arteko ekitaldien gordelari.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Idazlea
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia perts.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa