Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Lotsatu ere egiten naiz aitortzen, baina niretzat urte gogorrak izan ziren apaiz-ordena hartu nuenez geroztikoak. Apaizgoa neure gustoz eta neure gogoz hartu nuen. Baina Ikastetxeko irakasle izendatu nindutenez gero, zer esango dizut? Eskola-arazoek jaten zidaten eguna. Eskolaldi asko, dena nuen prestatu beharreko. Goizean hasi eta iluntzean bukatzen genuen ikastetxekoa. Ikastetxean irakasle ginen, eta irakaskuntzan zihoazkigun aste-egunak. Jai-egunetan, berriz, apaiz ginen, eta ostegunetan ere bai [I], eguneroko lehen ikastaldiaz gero. Irakaskuntza txantxetakoa ez bada, oraindik serioagoa duzu apaizgoa. Ikaragarria zen larunbat afalostea. Orduan esaten zizkiguten igandean zertzu eta non egin behar genituen: Konfesioak, meza eta hitzaldia. Ez zen gozoa izaten larunbateko loa: konfesioak eta hitzaldia ziren larrigarrienak, hitzaldia batez ere. [II] Ostegunez, lehen eskolaldiaz gero, gainetikoa libre genuen eduki ikastetxean; baina ostegunero irten behar izaten genuen norabait Hildakoen mezak [III] ematera. Besteek ere halatsuko bizi-martxa zeramatela eta, norberak ere ekin. Baina ni barrutik arrokalatzen (1), arrailtzen hasi nintzen. Konfesonarioko lana ondo egin nahi nuenez, hari buruzko jakingai asko ikasi behar nituela bistan nuen. Bistan nuen baita, predikuan gauzak argi eta zehatz eta ulerterraz eman nahi banituen, asko irakurri behar nuela. Jaungoikoaren hitza lasai eta sakon ausnartu behar nuela, eta abar. Eta ni ezin nintzen iritsi beharrak ezezik barruak eskatzen zidan hura betetzera eta estuaren estuz (2) lehertzen hasi nintzen, garrazten, larria baino angustia zen itomenean bizitzen. Bizimodu honek ez ninduen eskola-lanetarako gozatu: exijente bihurtu ninduen, haserrekor, intrantsijente eta gogor. Hamaika zaplada, alferrik eman orduko damutu, banatzen nituen eskolaldiz eskolaldi. [IV]

Gaia 1: Biografia
Gaia 2: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia perts.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa