Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Ez zen ametsetako munduan bizi. Ez zen bizi oinpean dugun lur honetaz kanpo. Ez zen aberats. Eguneroko ogia zuen eskatzen, bere soina estaltzeko jantzia eta euritatik eta hotzetik gordeko zuen aterpea. Ez zen bizi lanik gabe ere. Inork izendaturiko lan-orduak zituen eta oso gustoko ez zitzaizkion zenbait zereginetan aritu behar zuen egunero hurkoekiko amorearren.
Askatasun-gogo izugarria zuen bizitzako gurutze bakarra. Mila aldiz pentsatu zuen inoren menpetik alde egitea, bere buruaren jabe bakar izatea, gogoko zituen gurarien zerbitzu bakarrean bizitzea.
Baina ez zen ametsetako munduan bizi. Munduan sentitzen zen, inguruarekiko dependentzian, ingurukoekiko nahitaezko harremanean. Ez zuen nahi, inola ere, inorenetik bizi. Eta ongi zekien inguruko zergauza bakoitzak bere independentzia zuela. Nor bakoitzak bezala maite zuela zergauza bakoitzak bere independentzia. Eta gauza bakoitzaren independentzia maite zuenez, nahitanahiezko zirudion inguruarekin akordio egoki batean bizitzea. Askatasun-gogo izugarria zuenez, edonon ikusten zuen izaki bakoitzak bizi zezakeen askatasun-gogo antzerakoa, eta haienganako begirunez, haiekiko harreman egokitan behar zuen bizi. Ez zeukan, beraz, bere onerako inguruaz baliatzeko eskubiderik, inguruak, aldiz, bere onerako ezer iristen ez bazuen haren aldetik. Eta hola etorri zen bere askatasun-gogo izugarri hura eztabaidatzera, eta grina bizi hura zegokion tokian jartzera.
Hain bizkorra zuen askatasun-gogo izugarri hura, inondik eta inola ere ez zegokion pribilejio pretentsiozkoa zuela ikusi zuen. Inoren menpetik alde egiteko zuen sukar hura, nahitaez, inoren gainean eta inoren kontra bizitzeko egarri zoro bat zuela konturatu zen eta bere buruaren jabe, inoren buru-jabetza ere aitortu eta onartuz, izan zitekeela egokitasun bakar baten barruan. Eta oreka horretan bizi ahal izatea jo zuen, azken batean, bizitzan lor zezakeen pribilejio bakar eta handientzat.

Gaia 1: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: Askatasuna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa