Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Iratzarri zen. Jadanik argia leihoan zuen. Eta argiaren aurrean «ondo egin dut lo» esan zuen. Ez zekien zergatik, baina tristurara jotzen zuen berez. Ez zuen triste izan nahi, ordea. Gainera eduki ere ez zeukan arrazoi handiagorik triste izateko, baina berezko joera zuen tristurarako. Argiari begiratu zion eta gauzak bistaratu zizkion argiak. Betiko gauzak: gortinak, gelako mahaitxoa, irratia, errebistak, hormetako posterrak eta abar. Ohetik jaiki gabe ikusi zituen gauzok eta argiaren distiratan berriak bailiran begiratu zituen. «Argiak edertu egiten ditu gauzak» pentsatu zuen. Gero poza sentitu zuen. Saltatu ohetik eta garbitzera joan zen. Barruko pozak ura eta, kolorezko (1) toalla eta, gustagarriagoak ikuserazi zizkion. Eta poza argia bezain eder zela ohartu zuen eta "poza zaindu behar diat", esan zuen. Egun hura poza zaintzen pasa zuen, eta liburuak eta ikastea, gosaria eta ikasgela eta dena, etxekoak eta lagunak eta denak ikusi zituen pozaren argitan, eta benetan eder eta maitagarri gertatu zitzaion dena egun hartan.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Argia
Azpi-gaia: Bizitza: Zoriona (poza)
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa