Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

Ik. Olerkiaren konposizio grafikoa .pdf formatuan

HGB-2^


Nortzuk eta nola [I]


1. BAT-Gizona (1)
2. BI-Gizona
3. HIRU-Gizona
4. Deiemailea
5. Txakolin-maixua
6. Denak, edo Herria


Deiemailea
BAT-Gizona [II]
Upela
Txakolin-maixua
BI-Gizona
HIRU-Gizona


Denak
edo
Herria





—[1. olerkia (HGB-1 34. or.; HGB-2, 12)]—


Txakolin-maixuak:

Hara:
Jan dut euskara
xardina xaharra
edan du euskal
-tasun txakolina
ta
bihotz-errea daukat
eta humore txarra.


—[2. olerkia (HGB-1, 34-39 or.; HGB-2, 33-40)]—

Deiemailea:
Bazen Xherrian Xgizona. (2)
Xgizona Xherrian Xgizon besterik ez zen.
Xgizonak lan egin zuen,
ta Xgizona
NORBAITgizona bihurtu zen.
Gaur NORBAIT da.

ETA

kanpoko jendeak dio,
Xherriak Xherri iraungo zuela
NORBAITgizona barik,
ta NORBAITgizonari esker
Xherria, NORBAITherri bihurtu dela,
NORBAITgizonagatik.

ETA

gaur,
Xherria NORBAITherria dela
NORBAITgizonaren herri delakotz.

Denak:
AHAZTUAZ
Xherririk gabe
NORBAITgizona
Xgizona besterik ez zela izango.

Deiemaileak:
IKUSI EGITEN DA

Txakolin-maixuak:
1. Lehenik etxe aurreko mahats parrala.

Bat-gizonak:
Handi delakotz.

Bi-gizonak:
Apain delakotz.

Hiru-gizonak:
Altxatu egin dutelako.

Deiemaileak:
ETA

Txakolin-maixuak:
2. Altxatua dagoelako, agirian dago eta du ospe.

Denak:
Orpo herririk gabe
ez dago gizonik.

Deiemaileak:
AHAZTU EGITEN DA, ORDEA,

Txakolin-maixuak:
1. Erripetan hedaturik dagoen mahasti soila.

Hiru-gizonak:
Ez du aintzarik.

Bi-gizonak:
Ez du ohorerik.

Deiemaileak:
ETA

Txakolin-maixuak:
2. Ez dagoela etxe aurreko mahats-parralik,
mahasti galduetako mahats-orporik gabe.

Denak:
Orpo herririk gabe
ez dago gizonik.

Txakolin-maixuak:
Euskalerriko etxe aurreko mahats-parrala

Bat-gizonak:
1. Izen ospetsuak dira: Okendo, Loiolako
Inazio, Legazpi, Xabier, Garai, Aiala,

Bi-gizonak:
2. Vitoria, San Sebastiαn, Bilbao, Pamplona,
Saint-Jean de Luz, Bayonne, Biarritz...

Txakolin-maixuak:
ETA

Deiemaileak:
2. Ahaztu egiten da herri xehe sakabanaturik sortuak
direla. Ta herri soilik gabe ez dagoela izen ospetsurik.

Denak:
Orpo herririk gabe ez dago gizonik.

Deiemaileak:
NAHI DUGU
Herriak jakin dezan,

Bat-gizonak:
Nahiz izen ospetsuak kanporako ospetsu izan
kanpoan handi izan
herritik at bizi izan.

Bi-gizonak:
2. Herri xehe horrek eutsi diola
saldu gabe
baliorik gabeko herri kontzientzia baliotsuari.

Deiemaileak:
ETA

Hiru-gizonak:
Kontzientzia horri eusten diolako,
herri galdu,
nola edo hala iraun egin nahi duelakotz,
ari da sufritzen
mahats-orpo beretik
kontzientzia berriro sortzen.

Denak:
Orpo herririk gabe
ez dago gizonik.

Deiemaileak:
EGIA-EGIATAN

Bat-gizonak:
Herririk gabe ez dago ospetsurik.

Deiemaileak:
ETA, BADIRUDI

Bat-gizonak:
ospetsuak ospatzean

Denak:
Herria zapaltzenago dela.

Deiemaileak:
AHAZTUAZ,

Hiru-gizonak:
orpoak sortzen dituela gutiak.

Denak:
Orpo herririk gabe
ez dago gizonik

Deiemaileak:
ETA, BADIRUDI
herritik ertenak direla esatean

Bat, Bi, Hiru-Gizonak:
herria mexprexatzen dela.

Deiemaileak:
AHAZTUAZ
herri soila mexprexatzean

Bat, Bi, Hiru-Gizonak:
herria mexprexatzen dela.

Deiemaileak:
AHAZTUAZ
herri soila mexprexatzean

Bat, Bi, Hiru-Gizonak:
izen ospetsuari orpoa jaten zaiola.

Denak:
Orpo herririk gabe
ez dago gizonik.

Deiemaileak:
EGIA-EGIATAN

Txakolin-maixuak:
Mahastiak ez du bizitza erraza:
Ahal duen modutan iraun behar du.
Ahal duen bazterretan.
Ahal duen ardo-izan-nahia emateko.
Ahal den modutan landua.
Ez duelako balio handirik,
ez kotizaziorik
ez irabazirik.

Txakolin-maixuak:
BAINA,
Han dago, nola edo hala,

Deiemaileak, Bat, Bi, Hiru-Gizonak:
Herri-izan-nahia kontserbatzen.

Deiemaileak:
ETA HORREGATIK
Bizi nahi duenak, badaki zein burruka egin behar duen.

Denak:
Ezin dezakegulako etsi,

Deiemaileak, Txakolin-maixuak, Bat-gizonak:
mahasti sumeak bezala,

Bi, Hiru-gizonak:
herritasunik gabe.

Denak:
Orpo herririk gabe
ez dago gizonik.



I


[3. olerkia (HGB-1, 40-42; HGB-2, 41-43)]

Baterako kantua
Txakolin-maixuarekin:


Matsaren orpotik dator
mama goxua, mama gozua.
Edango neukela
beterik basua. Klink! beterik basua.
Nik zuri, zuk neri
agur eginaz alkarri,
basua txit garbi
beharko da ipini.

Deiemaileak:
Berriz bai,
berriz jarriko naiz zutik,
eskuan basoa,
basoan mama gozoa.
Berriz bai,
berriz ospatu nahi dugu
mahastien fruitua
eta adierazten
duen gogo sutsua.

Ez gagoz [nago, TBO] isiltzeko:
ez da ez pobreen
dolareko ardo
eta ez aberatsen;
baizik heltzera heldu
ez den herri baten
heldu-egarria
minez nabaitzen duten
herritar egarrien
doloreko.

Baterako kantua
Txakolin-maixuarekin:

Txakolin, txakolin,
txakolinak on egin.
Guztiok edaigun
elkarrekin.

Deiemaileak:
Eskuan jasotzen dut
maitasunez,
gure mahasti gorrien,
gure gogo bizien
agergarri denez.

Eskura eskaintzen dut
atseginez,
gure mahastien ardo,
gure gogoen bero
sukartua denez.

Baterako kantua
Txakolin-maixuarekin: (-)
Txakolin, txakolin
txakolinak on egin.
Guztiok edaigun elkarrekin.
Bihotza pozez betetzen da
txurrut bat harturik.
Ez dago inun holako edaririk. (3)

(Kantu bitartean lehenengo zurruta)

Txakolin-maixuak:
Pentsatzeko garaia da. (4)

(ta-isil-unea)




II(5)


—[4. olerkia (HGB-1, 43-44; HGB-2, 45-46)]—

Deiemaileak:
Erregeren profetek
ez dakite euskal-
ardoaren berri,
edo, agian, bai.

Erregeren profetek,
agian, jakinean,
ez dute jakin nahi
txakolinik dugunik.

Agian, ez dute nahi,
ezagutu txakolinik,
agian, badugula
ez aitortzeagatik.

Ez dakit.

Txakolin-maixuak:
Baina nik
ez nuke nahi besterik
gure ardoa dezaten
ezagutu baizik.

Hagatik,
Herrian zein ardotatik
edaten dugun dezaten
jakin ahal,
zabal,
eskaintzen diet hemendik
euskal
-nahi ta ezin luzeetako
mahastietan bildutako
nahi ta ezin hain gordinen
txakolin zahar zatartutik.

Denak:
Hagatik,
Herrian zein ardotatik
edaten dugun dezaten
jakin ahal,
zabal,
eskaintzen diegu
euskal
-nahi ta ezin luzeetako
mahastietan bildutako
nahi ta ezin hain gordinen
txakolin zahar zatartutik.


—[5. olerkia (HGB-1, 45-46 or.; HGB-2, 47-48)]—

Txakolin-maixuak:
Mahasti gorrindutik
dolare xaharrera,
upel ilunera,
bonbila beltzera,
ta, lizar azpiko
burtolen gainera,
ta leiar argira.

Deiemaileak:
Herriko ardoa da.

Txakolin-maixuak:
Ez du propagandarik:
Ez da ardo handi,
ez da ardo lodi,
ez da gozo ere.
Ontzeraino heldu
ez ziren mordo askoz
egina izaki,
garratz puntu larri
bat dario, ukigarri,
gure ardoari;

Deiemaileak:
nahi ta ezin herri
diren lur hauetako
abestiei iduri.[III]

Txakolin-maixuak:
Ardo pobrea da;
ardo denez baino
ardo-izan-nahiez
hornituago.
Baina, ardo harenbaten*.

Deiemaileak:
Baina, herri-kantuen
herritar lerroko
gatzean balego,
ez da ez pobreen
egarriko ardo
ta ez aberatsen;
baizik heltzera heldu
ez den herri baten
heldu-egarria
minez nabaitzen duten
herritar egarrien.


—[6. olerkia (HGB-1, 46 or.; HGB-2, 48.or.)]—

Denak:
Garratz puntu larri
bat dario ukigarri,
gure ardoari;
nahi ta ezin herri
diren lur hauetako
abestiei iduri.


—[7. olerkia (HGB-1, 46-48 or.; HGB-2, 49-50. or.)]—

Txakolin-maixuak:
Txakolina
Ez da
Nee gabekoa.

(Tinbala)

Baina,
Ardoa da,
Baina gabeko
ardoa.

Deiemaileak:
Herria baina gabe
Herri den hainakoa.
Baina
Herria haina
bainaz ainutua
Baina Herria Herri den haina
tamaina
Berean godina,
Herriaren ardoago ezina,
Ezin minenen [minen,TBO]
Atsegin-minez
Bizkortzen du
Herri-grina.

(Tinbalak topean)

Erantzuna:
(Baterako isil-unea: oso laburra)


Txakolin-maixuak:
Baina
zabalera gutxikoa da
txakolina,

Deiemaileak:
ta euskara
ta euskal-mina.

Txakolin-maixuak:
Baina
txakolina
nahikoa ardo da.

Deiemaileak:
Ta euskara
txakolina
ardo den haina
txakolin bada.
Baina euskal-mina
txakolina baino
ardoagoa da.

(Bigarren zurruta)


—[8. olerkia (HGB-1, 48. or.; HGB-2, 59. or.)]—

Txakolin-maixuak:
Sakon pentsatzeko garaia da
Erabakiak hartzeko garaia da. (6)



III(7)


—[9. olerkia (HGB-1, 49; HGB-2, 51. or.)]—

Baterako kantua
Txakolin-maixuarekin:

Matsaren orpotik dator
mama goxua, mama goxua.
Edango neukela
beterik basua. Klink! beterik basua.
Nik zuri, zuk neri,
agur eginaz alkarri,
basua txit garbi
beharko da ipini. (8)


—[10. olerkia (HGB-1, 49-50; HGB-2, 51-52)]—

Deiemaileak:
Mahats ondoak

Bi-gizonak:
Euskalerrian
ez du balio
lurrean,
bertanbehera.

Hiru-gizonak:
Baina
ederki
ematen
du
parralean.

Deiemaileak:
Jaso dezagun
euskara
eskolako
parralera.

Bi-gizonak:
Euskalerri,
sarri dago busti.
Eguzki-egunetan
mahats-ondo narrasak
lurrunak arras egosi.

Hiru-gizonak:
Baina
euskarak ere
ez du balio
lurrean,
narrasean.

Deiemaileak:
Jaso dezagun
euskara
idealen
parralera.


—[9. olerkia (HGB-1, 51. or.; errepikatua, ik. HGB-1, 49. or.)]—

Baterako kantua
Txakolin-maixuarekin:


Matsaren orpotik dator
mama goxua, mama goxua.
Edango neukela
beterik basua. Klink! beterik basua.
Nik zuri, zuk neri,
agur eginaz alkarri,
basua txit garbi
beharko da ipini.


—[11. olerkia (HGB-1, 51; HGB-2, 53-54. or.)]—

Bat gizonak [Dei emaileak, TBO]:
EZINA
nahiaren
oinaze
mina;

Bat-gizonak:
Nahiaren
grina
sorgina.

Hiru gizonak:
Nahia ta mina
Elkar-txoratu
Ziteun amets
Samina.

Deiemaileak:
Ezina,
Etxeko dugu gorrina,
Euskal-mahastien gaizkina.

Txakolin-maixuak:
Mordo garratzez egiten dugu
herriko ardo txolina.
("Bihotza pozez betetzen da
txurrut bat harturik.
Ez dago inon holako edaririk.
Txakolin, txakolin ... ")

Denak:
Nahiaren
Edari gordin
heldu ezinez egina.


—[12. olerkia (HGB-1, 52-53. or.; HGB-2, 54. or.)]—

Deiemaileak:
Baina

Txakolin-maixuak:
mahasti zaleek neke
asko hartzen dute.

Deiemaileak:
Baina

Txakolin-maixuak:
zenbat neke gehiago,
txakolina hainbat hobe.

Bat, Bi, Hiru-Gizonak:
Nekearen pike
pikorrez
aho-erre
bizkorragoa
ezartzen diote.


—[13. olerkia (HGB-1, 53-54; HGB-2, 55-56 or.)]—

Baterako kantua:
Txakolin, txakolin,
txakolinak on egin. (9)
Guztiok edaigun alkarrekin.
Bihotza pozez betetzen da
txurrut bat harturik.
Ez dago inon holako edaririk.
Matsaren orpotik dator
Mama goxua, mama goxua.
Edango neukela
beterik basua. Klink! beterik basua.
Nik zuri, zuk neri,
agur eginaz alkarri,
basua txit garbi
beharko da ipini.

Deiemaileak:
Gaur,
Urriaren hamalau
gau
-atari hontan,
berriz aitortu nahi dugu
herriko ardoaren
ageri txispaduna.
Eta altu diogu:
mendien eta itsasoaren,
ordeka, ibar, haranen
zabaleroko basoan
egarri punpuluak
biziki sortzen ari direla
txakolin-xorta berriarenak
basoko zabaleroan
punpatzen diren bezala.

Herriko ardoaren
ageri txispadun nonahikoa
agurtu nahi dugu gaur.
Eta eskuan basoa
eta basoan mama gozoa,
klink egin nahi dugu
-nik zuri, zuk neri,
agur eginaz elkarri*-,
egarri, duguna
gerta dakigun azkar
euri eta iturri.

Baterako kantua:
Nik zuri, zuk neri,
agur eginaz elkarri,
basua txit garbi
beharko da ipini.


—[14. olerkia (HGB-1, 54-56; HGB-2, 56-58. or.)]—

Deiemaileak:

(Tinbala)

Euskalerriko
mahasti-zaleei bai
kantatzen diet.
Mahats-ondoak
landatzen
dituzte
erripan,
egutera.

Erripan,
mahats-parralak
jasotzen dituzte,
ta, haietan kateatu
mahats-ondoen aihenak
altu,
ez ditzan hondatu
lurreko lurrunak.

Txakolin-maixuak:
Mahats egurrak sartu

(Tinbala, crescendo, fortissimora arte)

Denak:
—makurtu—;

Txakolin-maixuak:
pertikak gurutzatu

Denak:
—urratu—;

Txakolin-maixuak:
mahats-ondoak atxurtu

Denak:
—makurtu—;

Txakolin-maixuak:
mahats-ondoak sulfatatu

Denak:
—zutitu—; (10)

Txakolin-maixuak:
parralak zutik zaitu...
neke-egurrak hartu,
neke
ez kontatu
asko altxatu,
mahats-ondorik lurrunak
ez dezan gorrindu,
berindu,
galdu.

(Tinbala kolpera isildu)

Deiemaileak:
Euskalerriko
mahats-zaleei bai
kantatzen diet.
Herriko ardoa
ontzen bait dute
neke
askoren truke;
merke
asko saltzeko
bada
ere.

(Isil unea)


—[15. olerkia (HGB-1, 56-57 or.; HGB-2, 59. or.)]—

Deiemaileak:
Bajuen diharra,
bajuen beharra,
bajuen negarra,
bajuan xehetzen da;
herri baju hau baju
hiltzen den bezala.
Baina ni bajuekin
[ehortz nazatela]. (11)
Bajuena delako
nire herriko lurra. (12)
Herri bat bizi dut,
herri zahar jatorra,
herriaren gerri
eta haren suztarra;
inoiz ez du kendu
laneko atorra,
inoiz ez du lortu
nahi lukeen apurra;
bizitzen da ta hiltzen
ta maite du lurra
eta itotzen dute
ta agertzen du lorra
ta ari duen diharra
ez dihoa inora.


—[16. olerkia (HGB-1, 57-60; HGB-2, 59-62 or.)]—

Denak: [Baterako erantzuna, TBO]
Herri bat bizi dugu,
herri zahar jatorra,
herriaren gerri
eta haren suztarra [sustarra, TBO].

Deiemaileak:
Kanta dezagun
mahats-ondoz mahats-ondo
bere fruiten itzalak
azpitan zapaldutako
mahatsaren orpoa.

Denak: [Baterako erantzuna, TBO]
Matsaren orpotik
dator mama gozoa.

Deiemaileak:
Kanta dezagun
adaburuko aihen
hostro ta mordoren
sustraiko bizitza den
mahatsaren orpoa.

Denak: [Baterako erantzuna, TBO]
Matsaren orpotik dator
mama gozoa.

Deiemaileak:
Mahats-orpo beste
izenik gabe
mahatsaren orpoek:
gehiago gabeko jende
izen gabekoaren
izengabekide.

Denak: [Baterako erantzuna]
Matsaren orpotik dator
mama gozoa.

Deiemaileak:
Kanta dezagun
nekazarien antzeko,
arrantzaleen antzeko,
obreruen antzeko
mahatsaren orpoa.

Denak: [Baterako erantzuna, TBO]
Matsaren orpotik dator
mama gozoa.

Deiemaileak:
Zeu zara, mahatsaren orpo,
mahastia dagizuna,
herria dagiana
betiko jende nabar
saiatua den bezala.

Denak:
Matsaren orpotik dator
mama gozoa.

Deiemaileak:
Lurrak duen grazia
lurzati bakoitzekoz
hornitzen du orpoak
mahats-ondo bakoitza.

Denak: [Baterako erantzuna]
Matsaren orpotik dator
mama gozoa.

Deiemaileak:
Nahasi ezinezko ederra
itsasten dio mahats-orpoak
mahastien aintzari,
lurralde bakoitzeko
Historiari jende
orpokoak bezala.

Denak: [Baterako erantzuna, TBO]
Matsaren orpotik dator
mama gozoa.

(Hirugarren txurruta)

Txakolin-maixuak:
Ibiltzen hasteko orduak jo du. (13)

(Isil unea)

Baterako kantua:

(Tinbal kolpetan konpasa)

Txakolin, txakolin,(14)
txakolinak on egin.

Guztiok edaigun alkarrekin.
Bihotza pozez betetzen da
txurrut bat harturik.
Ez dago inon holako edaririk.

—[17. olerkia, (HGB-1, 60. or.; HGB-2, 63. or.)]—

MATSAREN orpotik dator
mama goxua, mama goxua.
Edango neukela
beterik basua. Klink! beterik basua.
Nik zuri, zuk neri,
agur eginaz alkarri,
basua txit garbi
beharko da ipini. (15)

________________

EGS^

(Gaztelaniazko itzulpena aparteko orria)

Gaia 1: EHerria
Gaia 2: Euskara
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa