Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Aita Orbelaungo zeuri
dagizut gaur erregu
aurrerantzen zeu zaitut
ukan gura eredu:
eramankor izan zinen,
oro zinen entregu,
zeure antzera nadila
abaro* eta sosegu.

Zeuk lagunduko didazu
hurbil-erraz izaten.
Ari zatzaizkit laguntza
sobaioan* ematen.
Ez nuke nahi niganako
beldur-antzik dezaten
puska nigan zurrun dena
eskurago nazaten.

Ez dut nahi zorrotza izan,
ez eta serioa:
dudan jarri dut birtute
mikatzen balioa.
Ez zait erraza izango
hausten usadioa,
halere nahi ta ez egin
behar dut kanbioa.

Zintzo nenbilen egiaz
zintzo nintzelakoan,
aukeran gizon lar zorrotz
lar gogorren kalkoan:
lege betetzaile hotza,
esku-latz halakoan,
lakar izaten saiatu
gara sekulakoan.
Aurrean ukan zintudan
arras bestelakoa,
ostera zehazkeria
izan nire flakoa.
Zintzo lasaia banendi
zerau bezalakoa,
birtute gozodun gizon
etorkor delakoa!

Gaia 1: Familia
Gaia 2: Bizitza
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa