Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

A2S^

Badoakigu denbora;
eman zigun sasoia
badaramakigu poliki
aldetik kendu ta kendu.
Ez digu inoiz eskaintzen
bigarren aukerarik.
Ataka hainbaten aurrean
jarri gaitu. Askotan,
ia zabalik zeuden
ataken aurrean, eta
behin zapuztu genituen
haien aurretik ez gaitu
bigarrenez pasatu arazi.
Garaiak igaro ahala
aukeren sarrerak kendu
egiten dizkigu, berriz
ez emateko, eta heltzen da
une bat, zeinetan batek
bere buruari galdetzen dion
ea zenbat sarrera geratzen
ote zaizkion, eta denborak
ez du egundo ematen
geroaren argibiderik
eta beti garabiltza ezjakinean
eta ezeren segurantzarik gabe.
Hala ere ez dugu ia
eskarmenturik hartzen, eta
betikoan darraigu,
beti ere, oraindik
inoiz egin ez ditugun
egin beharreko haiek
egin ahal izateko beste
astiune izango dugulakoan.
Ez da zerbaitek, ondo zoli,
ohartarazten ez gaituelako,
etengabe entzuten ari baikara
martxa honek ezin dezakeela
luzaro iraun eta beraz
nahi eta ez geratu behar dugula
halakoren baten, "aitaren"
bera ere egiteko astirik gabe.
Gure izateari
mendera ezinezko nahiak edo
zentzu gabeziak darraio,
ganorazkorik ezer egiten
uzten ez diguna.

Gaia 1: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: Denbora
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa